Aramaioko udal aurrekontua 2.670.882,19 eurokoa izango da

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko mar. 8a, 11:54

Ez ohiko osoko bilkuran onartu dute 2022ko udal aurrekontua. EH Bilduko aldeko botoekin eta EAJko aurkako botoekin onartu dute.

Ez ohiko osoko bilkuran onartu dute 2022ko Aramaioko udal aurrekontua: bi milioi eta 600 mila euro pasakoa. 2021eko ekitaldiarekin alderatuta, ia %47ko igoera izan du aurrekontuak. Arrazoi nagusiak bi dira: batetik, FOFELetik jasoko den partida handiagoa izango dela, eta bestetik bi inbersio handi aurreikusten direla. "Kiroldegiko obrak egingo ditugu; batetik, teilatua konponduko dugu eta kanpoko frontoiari teilatua jarriko diogu. Jendaurrean ikusgai egongo da proiektua eta prozesu guztia pasa ondoren esleipena aterako dugu", azaldu du alkateak. Bestetik, kiroldegian  instalazio bat jarri nahi dute eraikin publikoei argindarra emateko; hau da, autokontsumorako.

EAJren kontrako botoa eta proposamenak

Aurrekontua EH Bilduko zinegotzien baiezko botoarekin eta EAJko bi zinegotzien kontrako botoarekin onartu zuten. Pedro Elosegi, EAJko zinegotzia: "Guk iaz proposatu genituen hainbat emendakin. Ez zituzten onartu; gobernu taldeak esan zuen batzuk egingo zirela, beste modu batean. Aurtengo gure planteamendua berdina izan da; eta, proposamenak ez dira ezta onartu ere egin. Gainera, iaz esandakoak ez dira egin urtean zehar. Hori horrela, gure bozka argi eta garbi kontrakoa izan da".

EAJko zinegotziek egindako proposamenak izan ziren, besteak beste: nagusiendako egoitza bat egiteko azterketa egitea Aramaion; Arrasatera doan kolektorea egitea; aparkalekuen egoeraren gaineko azterketa bat egitea; eta, herriko eraikinetako pintaketak ezabatzea.

Alkatearen erantzuna

Alkatearen erantzuna izan zen hainbat proiektu egitea foru aldundiaren eskumena dela. "Proposamen ezberdinak egin dituzte. Badaude, hirugarren urtez jarraian aurkeztu dituzten proposamenak ere; eta, guk eman diegu erantzuna. Aramaion erresidentzia bat egiteko bidea Foru Aldundiak itxi du. Udalak ezin du bere kargu hartu kostu hori; beste herri batzuetan egiten den moduan, eta eguneko zentroarekin egiten den moduan, Aldundiak %80a bere gain hartuta, erresidentziaren kostua ere Aldundiak hartu behar du bere gain". Gaineratu du Aldundiak aukera zabalduko balu lehenak izango liratekeela bideragarritasun plana egiten.

Pintaketen auzia

Osoko bilkurako eztabaida sutsuena pintaketen harira izan zuten bi alderdiek. EAJk pintaketak ezabatzeko eskatu izan dio azken hilabeteetan udal gobernuari; alkateak, aldiz, irizpide batzuk ezarri behar direla erantzun izan dio.

Bestelako premiak

Aurrekontuan aurreikusten ez diren bestelako premiak gauzatzeko partida berezia gorde dute, 107.271 eurokoa, hain zuzen. Lehentasuna izango dute euriteek eragindako kalteak konpontzeko egin beharreko lanek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak