Ahoz Aho, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia, 15. aldian bete-betean dago. Ahotsa erabiltzen duten artisten jaialdia Intujai Teatrok antolatzen du. May Gorostiaga antolatzailea: "Ahotsa erabiltzen duten artisten nazioarteko jaialdia egitea da helburua. Tolosan eta Ordizian hasi ginen jaialdiarekin; eta gaur egun, horiek dira zutabeak, baina beste herri batzuetara ere zabaldu gara".
Hain zuzen, orain dela 10 urte, Aho Zabalik proiektuarekin hasi ziren Euskal Herriko beste herri batzuetara zabaltzen.
Aurten, hamabi herritan egingo dute geldialdia; tartean, Aramaion, eta baita Arrasaten eta Oñatin ere.
May Gorostiaga domekan
Aramaion egingo duten lehenengo saioa domekan izango da. May Gorostiagak ipuin kontaketa eskainiko du kultura etxean, 18:00etan. "Nire mundua izango da egingo dudan ikuskizunaren izena. Ipuin propioak dira, nik neuk sortutako istorioak. Bidaia bat egin nahi dut, sinergia bat sortu publikoarekin, eta hainbat sentimendu piztu".
Gorostiagak dio ipuin munduak baduela "nolabaiteko magia; publikoaren eta artistaren artean sortzen da elkarrizketa bat, eta hori beti ezberdina izaten da, ez da inoiz errepikatzen. Magia da". Bestalde, Gorostiagak gaineratu du artista eta publikoa horren gertu egoteak ere eragiten duela magia hori sortzerakoan.
Aramaion eskainiko dituzten hiru saioak doan izango dira eta ez da sarrerarik eskuratu beharrik izango.
Beste bi saio
Martxoaren 26ra arte iraungo du jaialdiak. Tarte horretan, beste bi saio egingo dituzte Aramaion: martxoaren 17an, eguena, Nicolas Buenaventurak helduendako saioa eskainiko du, gazteleraz; eta martxoaren 23an, eguaztena, Ifigeneia Kakridoni greziarrak familiendako ikuskizuna eskainiko du, gazteleraz. Saioak 18:00etan izango dira, kultura etxean.
Bailarako sortzaileak
Jaialdiak Debagoienean egingo dituen geldialdiez gain, bailarako artistak ere egongo dira jaialdian: Maider Alcelay, Igor Sala eta Dorleta Kortazar. Martxoaren 15ean, Alcelay eta Sala Amezketan izango dira, 18:00etan; eta martxoaren 19an, Alcelayk ikuskizuna egingo du Ordizian, 17:00etan. Horrez gain, martxoaren 26an Tolosan egingo den Euskaldunen odisea ikuskizunaren koordinatzailea Dorleta Kortazar izango da.