Mozorroak prestatu eta kalejiran irteteko gogoz daude aramaioarrak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko ots. 25a, 15:00

Urtebeteko geldialdiaren ondoren, mozorroek berriro ere hartuko dituzte kaleak. Bihar, zapatua, mozorro lehiaketa, txokolate-jana eta disko-festa izango dute aramaioarrek.

Urtebeteko geldialdiaren ondoren, mozorroek berriro ere hartuko dituzte kaleak. Maskara batzuk alde batera utzi eta beste batzuk janzteko garaia iritsi da. Festa giroan murgilduko dira aramaioarrak Aratusteak ospatzeko.

Azken urteetako ohitura jarraituz, kalejira eta mozorro lehiaketa egingo dute, bihar, zapatua, arratsaldean. 17:30ean frontoitik irtengo dira eta plazaraino kalejiran joango dira. Lehiaketan parte hartu gura duenak izena eman dezake kultura etxean; gaur da azken eguna horretarako. Edo bihar, frontoian bertan.

Taldekako mozorroak

"Izen-ematea zabalik dagoenez, ez dakigu zenbat taldek parte hartuko duten. Kuadrillak kalejiran joango dira frontoitik plazaraino, ohikoa den moduan bakoitza bere musikarekin", azaldu du Kultura teknikari Itxaso Aspiazuk.

Herriko talde soziokulturaletako ordezkariez osatutako talde batek epaituko ditu herritarren mozorroak: talde bakoitzak bere dantza edo aurkezpena egingo du plazan, eta epaimahaiak talde horien lana epaituko du. Gogoratu mozorroak prestatzeko gaia librea dela, eta bakarka edo taldeka aurkezteko aukera egongo dela. Taldeka egiten bada, taldeak gutxienez lau pertsonakoa izan beharko duela nabarmendu behar da.

Aurten, mozorro lehiaketako sariak handitu egin dituzte: hala, haurren kategorian, lehenengoak 150 euro irabaziko ditu eta bigarrenak 90 euro; eta 14 urtetik gorakoen kategorian, lehenengoak 150 euro eta bigarrenak 90 euro. Gainera, originaltasuna ere sarituko dute, 90 eurorekin.

Itur-Zuri: txokolate-jana

Lehiaketaren ondoren, txokolate-jana egingo dute plazan, Itur-Zuri emakume elkartearen eskutik. Aramaioko Inauteriak musika giroan amaituko dituzte. Disko-festa egingo dute plazan. Orduko eta egungo musika doinuak entzungo dira, aramaioarrak dantzan jartzeko balioko dutenak.

Aurten ez dute bazkari anto-aturik egingo.

Mozorrotzeko gogoz

"Jendea gogoz dago normalitatera itzuli eta gauzak behar diren moduan egiteko", dio Kultura zinegotzi Ana Martiarenak. Horren harira, nabarmendu du badakiela jendea mozorrotzeko gogoz dabilela, eta mozorrotzeko ohitura duten lagun taldeak dagoeneko hasi direla zerbait prestatzen.

Aldaketa nabarmenena bazkaririk ez egitea izango denez, bakoitzak bere kontura bazkaldu eta 17:30ean frontoian elkartzeko dei egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak