'Mamma mia!' jaialdirako sarrerak erosteko aukera egongo da gaur arratsaldean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko ots. 18a, 09:59

Musikariak, eguaztenean, entsegu lokalean.

Trikikalejira trikiti elkarteak aratusteetako jaialdia egingo du otsailaren 25ean. Sarrerak Musika Etxean salduko dituzte gaur, 3 euroren truke.

Urteroko hitzordua izan ohi da trikitizaleena; oraingoan, baina, Gabon ingurutik atera eta Aratusteetara pasatzea erabaki dute. Mamma mia! izango da jaialdiaren izena eta gaia.

Musikariak mozorrotuko dira Suediako Abba musika talde entzutetsuko kidez; hau da, 70eko hamarkadako garaia eramango dute Aramaioko kultura etxeko oholtzara. Abba taldeak 1972an hasi zuen ibilbidea, eta 1982ko abenduan amaitu. Ibilbidean zehar izandako arrakasta nabarmenena 1974an Eurovision irabazi izana da, Waterloo abes-tiarekin.

Trikiti doinuak

"Trikiti jaialdia izango da, eta, ondorioz, trikiti abestiak entzungo dira egubakoitzeko jaialdian; hala ere, azken abestia Abbaren Mamma mia izango da", azaldu du Aramaioko musika eskolako trikiti irakasle Aritz Alustizak. Garai bateko trikiti doinuetatik hasi eta gaur egungo talde ezagunenen abestiak joko dituzte musikariak. "Tapia eta Leturia, Huntza... Halako taldeen abestiak joko ditugu", dio Alustizak. Azaldu du oholtza gainean 40 bat musikari ibiliko direla, adin guztietakoak: "Trikitia ikasten umeak dabiltza, eta baita erre-tiratuak ere". Taldeetan bana-tuta igoko dira musikariak oholtzara.

Eskolak, barikuetan

Aritz Alustiza –trikitia–eta Ainhoa Ullibarriarana –panderoa– dira irakasleak. Barikuetan ematen dituzte eskolak Aramaioko Musika Etxean. "Ostiralero-ostiralero eskolak ematen gabiltza, eta horrelako plaza bat eta, gainera, aretoa beteta baldin badago, ba, astero egiten duguna erakusteko modua da", dio Alustizak. Gaineratu du ikasleak oso baikorrak direla eta egiten dizkieten proposamen guztiei baiezkoarekin erantzuten dietela. "Aramaio herri oso parte-hartzailea da", nabarmendu du.

Sarrerak salgai dituzte

Elkarteko zuzendaritzan dauden gurasoak dabiltza barikuko jaialdiko attrezzoa sortzen. Otsailaren 25eko jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai daude: "Joan den asteko barikuan jarri genituen salgai eta oso ondo saldu ziren". Gaur, otsailak 18, sarrerak erosteko beste aukera bat egongo da Musika Etxean, 3 euroren truke. Gainera, sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan kultura etxean erosteko aukera egongo litzateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak