Ospakizun urtea eski irteerarekin hasiko dute Orixol Mendizale Elkartean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko ots. 4a, 11:19

2021eko Besaide Eguna. Artxibo irudia.

Orixol Mendizale Elkarteak 50. urteurrena ospatuko du aurten. Urte guztiko egitaraua prestatu dute, "ilusioz".

Orixol Mendizale Elkarteak urteurren borobila ospatuko du aurten. Horren bueltan, urte osorako egitaraua proposatu dute elkarteko kideek. Azaroaz geroztik kide berriak ditu elkarteak eta "ilusioz" hartu dute antolakuntza. "Zerbait berezia antolatu gura dugu", dio elkarteko kide Eider Ballinak.

Eski irteera

Hamaika ekitaldi antolatu dituzte 50. urteurrenari begira. "Urteko hainbat aste bukaera erreserbatu gura izan ditugu. Modu horretan, jendeak badaki data horietan Orixolek antolatutako ekitaldiak egongo direla. Hala ere, zer egingo dugun oraindik guztiz lotu barik dugu", nabarmendu du. Urteko lehenengo irteera martxoaren 11n izango da: eski irteera egingo dute, Formigalera. Martxoaren 11n, egubakoitza, irtengo dira Aramaioko frontoitik, 18:30ean. Egonaldia Jacan izango da: bi gau, bi gosari, bi forfait eta autobusa izango da eskaintza. Prezioa da 140 euro Orixoleko bazkideendako eta 150 euro bazkide ez direnendako.

Prezioko eskaintzaz gain, beste hainbat gehigarri sartzeko aukera egongo da: eskiak, botak eta bastoiak, 23,5 euro –bi egun– ; snow taula eta botak, 27,5 euro –bi egun–; kaskoa, 7,50 euro –2 egun–; eski asegurua, 8 euro –2 egun–; eta COVID asegurua, 5 euro.

Edonori zuzendutako irteera dela nabarmendu dute, eta maila askotariko jendea animatu nahi dute; batez ere, gazteak. Lekua hartzeko transferentzia egin behar da 3035 01 61 28 1611005178 kontu korrontera, eta ondoren, mezua bidali orixolme@hotmail.com helbidera. Mezuan zehaztu behar dira izen-abizenak, nortasun agiri zenbakia, telefono zenbakia, gehitutako aukerak eta ordainketaren ziurtagiria.

Itzulera martxoaren 13an izango da, domeka, 16:30ean Formigaldik irtenda.

Pirinioetara bi irteera

Udaberrian eta udazkenean egingo dituzte Pirinioetako mendi irteerak: maiatzaren 20tik 22ra eta urriaren 7tik 9ra. Mendia ze egoeratan dagoen, horrek baldintzatuko ditu irteerak. "Gure asmoa maiatzean Monte Perdido ingurura joatea den arren, elurraren arabera izango da. Hala ere, irteera baino hilabete lehenago zehaztuko dugu nora joango garen eta ze profiletako irteera izango den". Horrez gain, izena ematen duen jendearen arabera ere moldatuko dute irteera.

Sagardotegia Hernanin

Apirilaren 2an, zapatua, mendi irteera eta sagardotegian bazkaria egingo dute. Zehazteke dute ibilaldia nondik nora izango den; dagoeneko zehaztuta dutena da sagardotegia Hernanin izango dela.

Urteko ekitaldi nagusia Mendi Astea izango da, ekainaren 6tik 12ra bitartean. 50. urteurrenari balioa emateko ospakizuna izango da. Uztailean, eskalada eta arroila-jaitsiera irteera egingo dute Rodellarrera. Eta, urtea amaitzeko, Besaide eguna –irailaren 18an– eta Aitor Aranaren omenezko mendi martxa –irailaren 24an– egingo dute.

Sare sozialak

Sei kide berri ari dira lanean Orixol mendizale elkartean – Nerea Asurmendi da presidentea–. Egiten dutenaren berri sare sozialetan jarriko dute aurrerantzean, gazteak erakartzeko asmoz. Egun, 220 bat bazkide ditu elkarteak, eta urteko kuota 10 euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak