Arexola, Arriola, Barajuen, Suña, Uribarri eta Zabola auzoetako plan bereziaren testu bateratuari hasierako onarpena eman zitzaion egueneko osoko bilkuran. Horrez gain, Azkoaga, Etxaguen, Gantzaga, Gureia eta Untzilla auzoetako plan bereziari hasierako onarpena ematea ere onartu zuten.
Landa gune bakoitzaren antolamendua egitea da asmoa, eraikigarritasuna zehazteko.
Lizitazio espedientea
Udal kiroldegia garbitzea, kale garbiketa zerbitzua eta lorezaintza zerbitzua kontratatzeko lizitazio espedienteari hasiera eman zaio. "Orain egin dena da espedientea zabaldu kontratazio berria martxan jartzeko. Ondoren, pleguak egin, horiek plenoan onartu eta lehiaketara atera beharko da zerbitzua", dio Lierni Altuna alkateak.
Migrazioaren euskal ituna
Azkenik, migraziorako euskal itun sozialarekin bat egin zuen Udalbatzak.