Gurasolagun programarekin Beluntzako ur-jauzitara irteera egingo dute domekan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko urt. 21a, 09:00

Gorbeialdeko Mintzalagun egitasmoaren barruan dago programa. Domekan, 11:00etan elkartuko dira Izarrako frontoiko aparkalekuan.

Gorbeialdeko Gurasolagun egitasmoaren barruan, Beluntzako ur-jauzietara egingo dute ibilaldia etzi, domeka. Urkabustaizen elkartuko dira, 11:00etan, Izarrako frontoiko aparkalekuan. Bi ordu inguruko txangoa izango da, haurrek samur egitekoa.

Gurasolagun zer den

Gorbeialdeko Mintzalagun egitasmoaren barruan dagoen programa da Gurasolagun. Helburua da familiak –guraso eta ume– elkartu eta euskaraz lasai eta eroso aritzeko espazioak sortzea, gustuko jarduerak eginez, edo, besterik gabe, elkarrekin egonez.

2021eko irailaz geroztik dago martxan programa. Gaur egun, 13 familia daude taldean. Hala ere, antolatzaileek diote inork parte hartzeko gogoa izanez gero badagoela horretarako aukera. Ikasturtea bukatu arte dago zabalik izen-ematea. Parte hartu gura duenak programako koordinatzailearekin harremanetan jarri beharko du, 662 12 02 09 telefono zenbakira deituta edo mintzalaguna@gorbeialdea.org helbidera idatzita. Gurasolagun programan parte hartu ahal izateko eskatzen duten bakarra da euskaraz ulertzeko gaitasuna izatea.

 

Gurasolagun programako kideak

Jone Goitiak Gurasolagun programan parte hartzen du familiarekin batera.

Zergatik erabaki zenuten egitasmoan parte hartzea?

Eskolan zabaldutako ohar baten bitartez izan genuen egitasmoaren berri. Interesgarria iruditu zitzaigun; izan ere, orain dela pare bat urte etorri ginen Aramaiora bizi izatera, Arrasatetik. Beti jo izan dugu Arrasatera, eta Gorbeialdea ez dugu horrenbeste ezagutzen. Ingurua ezagutu eta jendea ezagutzeko modu ona iruditu zitzaigun, eta, euskaraz bada, hobeto. Gainera, antzerako gustuak dituzten familiak ezagutzeko balio du.

Nola antolatzen dituzue irteerak?

Lau familia elkartu ginen, bakoitza herri batekoa. Lehenengoa Zigoitian egin genuen, Letonatik San Bittorrera, ordubete ingurukoa. Erabaki dugu hilero herri ezberdin batean egitea ibilaldia. Hala ere, lehenengo irteera hartan izena emandako familiak baino gehiago elkartu ginen. 

Aramaion ere egingo duzue?

Bai, hala egiteko geratu ginen. Hilabete bakoitzean familia batek hartuko du testigua. Familiak ongietorriak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak