Aramaiok ere programan parte hartuko du eta Aldundiak antolatzen dituen zenbait hitzaldi edo ekintza herrian egingo dira. Alaiak erretiratuen elkartea ibili da programa osatzen. "Aldundiaren proposamena jaso genuen, eta euren programan jasota zeuden hainbat hitzaldi aukeratu genituen. Horietako batzuk izango dira Aramaion eskainiko dituztenak", azaldu du Alaiak erretiratuen elkarteko presidente Migel Loitik.
Lehenengoa, atzeratua
Lehenengo saioa martitzenean egitekoak ziren, urtarrilaren 25ean. Birusarekin bizitzea, nola eta noiz arte? hitzaldia, Fernando Gomez-Busto mediku geriatrarekin. Baina, atzeratu egin dute hitzaldia eta oraindik ez dute data berririk jarri.
Jarraipena izango du
Hurrengo saioa otsailean izango da: zoru pelbikoa lantzeko bi saio egingo dituzte: otsailaren 15ean eta 22an. Ania Ibisate fisioterapeutak eskainiko ditu bi saioak. Martxoaren 15ean, oinordetza eta testamentuaren inguruko hitzaldia egingo du Ana Mendia abokatuak. Zikloa, aldiz, antzerki batekin amaituko dute: Titania teatro taldeak Las abuelas son guerreras antzezlana egingo du. Zahartze aktiboaren inguruko lana izango da, umore ukituarekin.