Aramaixoko Bertso Eskolak, Papargorri Abesbatzak, Triki Kalejira Trikitixa Eskolak eta Alaiak Jubilatu Elkarteak antolatuta, herriko baserri eta kaleak koplaz beteko dituzte otsailaren 5ean, zapatua.
Urtarrilaren 27an, lehen entsegua
Santa Ageda batzea egin aurretik, bi entsegu egingo dituzte. Egungo osasun egoera kontuan hartuta aldaketa batzuk egingo dituzte bai entseguetan eta baita egunean bertan ere. Hala, entseguak aire zabalean izango dira, udaletxeko arkupean. Urtarrilaren 27an, eguena, eta otsailaren 3an, eguena, egingo dituzte entseguak, 19:00etan.
Hiru taldetan banatuta
Egunak berak ere izango ditu aldaketa txiki batzuk: otsailaren 5ean, 09:30ean elkartuko dira, plazan, eta goizez bakarrik egingo dute Santa Ageda batzea. Aurten, gainera, ez dute bazkaririk egingo. Betiko bi ibilbideak egingo dituzte, eta, kaleko batzea ere goizean egingo dutenez, hiru taldetan banatuta ibiliko dira kantuan.
Parte hartu gura duenak izena eman dezake labur.eus/santaageda inprimakia beteta. Eztarri gozoz eta umore onez daudela erakutsiko dute aramaioarrek, beste behin.