Gabon jaietarako egitarau zabala prestatu du Udaleko Kultura Sailak herriko zenbait eragilerekin batera. Gaur, esaterako, Aramaixoko Bertso Eskolak antolatuta, bertso saioa egingo da kultura etxean, 19:00etan. Paula Amilburu, Maialen Lujanbio, Jone Uria eta Julio Soto izango dira bertsolariak. Sarrerak 5 eurotan jarriko dituzte salgai.
Olentzero eta Mari Domingi
Hitzordu garrantzitsua izan zuten atzo, eguaztena, eskolan: Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita. Gainera, LHko 6. mailako neska-mutikoek gertatutako txistorra jan zuten patioan. Arratsalde partean, hainbat tailer egin zituzten: ihes gela, karaokea eta mahai jolasak, besteak beste.
Bihar, barikua, Olentzero eta Mari Domingi herrira etorriko dira. Guraso elkarteak antolatuta egingo dute harrera; 18:00ak aldera herriko plazara iritsiko dira, Ibargoiatik. Lehenago ipuin kontalariaren bisita izango dute txikitxoek.
Umeendako tailerrak
Udalak umeendako tailerrak antolatu ditu. "Beste urte batzuetan ondo funtzionatu izan duten tailerrak errepikatuko ditugu", dio Kultura teknikari Itxaso Aspiazuk. Abenduaren 27an, gnomoak egingo dituzte; abenduaren 28an, hilorama tailerra izango dute –koadro batean koloretako hariak tenkatzea da hori–; eta abenduaren 30ean, zotzekin eraikuntzak egingo dituzte. Umeen tailerretan aurrez eman behar zen izena eta dagoeneko izena-ematea itxita dagoela azaldu du Kultura teknikariak.
Gazteei eta nagusiei zuzendutako tailerrak ere egongo dira: abenduaren 28an, kangoo jumping saioa egingo dute kiroldegian; eta, abenduaren 29an quilling–paperarekin filigranak egitea–.
Orixolera irteera
Orixol Mendizale Elkarteak antolatuta, Urtezahar egunean Orixolera irteera egingo dute. 08:30ean elkartuko dira, kiroldegian. Urtea ondo amaitzeko modu paregabea izango da.
Gabon jaietan, dokumentalak ikusteko aukera ere egongo da. Aztarnak lana jendeak gogoratzen ez dituen umeetako bizipenei buruzkoa da; eta adin txikiko iheslarien gaia lantzen da Awlad. Hesiak gainditu lanean.