Euri jasen ondorioz Aramaioko errekak gainezka egin du, eta ura sartu da udaletxeko sarrerara eta plazara. Atzo arratsaldean ere gainezka egin zuen errekak eta baita gaur gauean ere. Momentu honetan udaletxe inguruak garbitzen dabiltza; besteak beste, udaletxeko igogailua urez beteta dago.
Horrez gain, urak bestelako kalteak ere eragin ditu. Plazatik Ametzura doan bidean lur-jausia gertatu da eta errepidea moztuta dago. Arragako bidegurutzean ere lur-jausia egon da eta bidea moztuta dago.
Udal ordezkariak lanean ari dira egoera bere onera bueltatzeko. Herritarrei "pazientzia" eskatu diete, eta "ahal duten neurrian" garbiketa lanetan laguntzeko.