Nardeaga kalea eta Pedro Ignacio Barrutia kaleak batzen diren bidegurutzean irisgarritasuna bermatzea izango da Udalak esku artean duen proiektuaren helburua. Kontuan hartu behar da herritarren topaleku nagusienetako bat dela goiko tabernen alde hori; horregatik, aramaioarrentzat irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzen duen gune bat egin nahi dute.
Udalak kontrataziora atera du obrak egiteko proiektua.
Errepidearen maila igo
Udalaren memorian jasotzen diren obrekin aipatutako gunea egokituko da, eta irisgarritasuna bermatu. Hirigintza batzordeko buru Gorka Astondoak honako hau azaldu du: "Erretiratuen elkarte parean hasi eta anbulatorioa dagoen pareraino irisgarritasuna bermatuko da, oinezkoei lehentasuna emanez; errepidearen maila igoko da, espaloiaren altueraraino". Irisgarritasuna bermatu ahal izateko egin behar diren lanak dira: bi kaleak elkartzen diren gunea irisgarri egiteko asmoarekin errepidearen maila igotzea proposatzen da, espaloien altuera bera izan dezan; kultura etxe inguruan ibi bat jartzea proposatzen da, modu horretan oinezkoek segurtasunez pasa dezaten errepidea; udal garajeetarako sarrera inguruan espaloiari jarraipena ematea; beste espaloi bat egitea okindegiko eremuan –izan ere, gaur egun gune horretan ez dago espaloirik eta oinezkoak errepidetik ibiltzera derrigortuta daude–; eta beste arrapala bat egitea Nardeaga kaleko 21A zenbakiaren inguruan, ekialdean dauden eraikinetara iristeko ibilbide irisgarri bat sortuz.
Astondoa zinegotziak nabarmendu du bidegurutzean oinezkoek izango dutela lehentasuna eta autoen abiadura moteltzeko ibiak jarriko direla.
Bi hilabeteko iraupena
Kontratuan zehaztuta dauden obrak egiteko epea bi hilabetekoa izango da. "Lanak datorren urtean egingo dira" , dio Astondoak. Kontratuan adierazitako lanen justifikazioa, exekuzio aukeren azterlana eta memoria teknikoa baloratu dituzte udal zerbitzuko teknikariek. Hala, hau da egin duten aurrekontua: lanen exekuzio materialaren aurrekontua: 66.943,06 euro; eta horri gehitu behar zaio %21eko BEZa. Guztira, beraz, 81.001,10 euro.
2021eko martxoaren 30ean Aramaioko udalbatzak onartutako aurrekontuan jaso zuten proiektu hori egiteko asignazio ekonomikoa.