Udal eraikinen garbiketa zerbitzua esleitu dute azkeneko osoko bilkuran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko abe. 2a, 18:00

Udal eraikinen garbiketa zerbitzua bi urteetarako esleitu zaio Samsic enpresari.

Azaroko ohiko osoko bilkuran udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren esleipena onartu zuten. Lehiaketara bi enpresa aurkeztu ziren; hala, Udalbatzak Samsic enpresari esleitu dio zerbitzua, hurrengo bi urteetarako. Kontratuaren prezioa izango da 65.741,76 euro urteko, gehi %21eko BEZari dagozkion 13.805,77 euro: hau da, guztira, 79.547,53 euro urteko. Epealdia urtebete gehiago luzatzeko aukera egongo da.

Indarkeria matxista

Indarkeria matxistaren aurkako adierazpena ere onartu zuten. EH Bilduk Udaleko teknikariak idatzitakoa aurkeztu zuen, eta EAJk Eudelena. Eta EH Bildurena onartu zuten, aldeko sei botorekin eta bi abstentziorekin. Hartutako konpromisoak dira:

  • Udalak antolatutako ekintzetan genero ikuspegia txertatzea.
  • Indarkeria matxista jasan duten emakumeak artatzen eta detektatzen dituzten zerbitzuen arreta eta koordinazioa hobetzea.
  • Eraildako edo bizirik irten diren emakumeak aitortzeko memoria historikoko ekintzak sustatzea.
  • Herritarrak eta, bereziki, gazteak sentsibilizatzeko lanarekin jarraitzea.

Interes publiko goreneko proiektuen erregulazioa

Interes publiko goreneko proiektuen erregulazioari dagokionez EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuten, aldeko sei botorekin eta kontrako birekin. Ondorengoa adierazi dute mozioan:

  • Aramaioko Udalaren osoko bilkurak adierazten du Lurralde antolamenduari buruzko legeak Interes Publiko Goreneko proiektuen figura sortzearen aurka dagoela, eta baita ere, gure Udalen toki autonomiarentzat kaltegarria den eta gure toki-demokrazia urratzen duen beste edozein tresnaren aurka dagoela.
  • Aramaioko Udaleko osoko bilkurak EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteari  eskatzen dio, udalen udal-interesa defendatzeko, jendaurrean adieraz dezala aurka dagoela eta dagozkion kudeaketa denak egin ditzala Lurralde Antolamenduari buruzko legea aurreko puntuan deskribatutako moduan alda ez dadin.
  • Aramaioko Udalaren osoko bilkurak mozio honen edukia Eusko Legebiltzarrera eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartera bidaltzea erabaki du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak