Markagailuan atzetik aurrera egin ostean, abenduaren 4an Gasteizen jokatuko den finalerako txartela lortu zuen Markel Arriolabengoa pilotari aramaioarrak martitzenean. Txarto hasi zuen lehia, 1-5 galtzen; ondoren, parekatzea lortu zuen, eta behin 12. tantora iritsi zenean lortu zuen markagailuan aldea handitzea. Azken emaitza 22-13 izan zen, etxeko pilotariaren alde."Ezagutzen nuen Jokin Larrieta aurrez; pentsatzen nuen lehia gogorragoa izango zela", azaldu du Arriolabengoak. Maider Unda pilotalekura joandako ikusleen eta, batez ere, lagunen animoak eskertzekoak direla nabarmendu du Aramaioko pilotariak.
Finala, Ogetan
Abenduaren 4an jokatuko dute Arabako lurraldeko banakako txapelketako finala, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Gaur, eguena, jokatzekoa den lehiatik irtengo da aramaioarraren aurkaria: Herriaren elkarteko Aimar Amondo eta Aimar Saez pilotarien arteko lehiatik, hain zuzen. "Finala zail ikusten dut. Bi pilotariak ni baino bi urte zaharragoak dira", azaldu du Arriolabengoak.
Pisu handiagoko pilotak
Aramaioarrak lehenengo urtea du 22 urtez azpikoen kategorian. "Hasieran, kosta egin zitzaidan kategoria berrira egitea, baina dagoeneko moldatu naiz", dio. Izan ere, mailen artean nabaritu duen diferentzia handiena partiduen iraupena da: "Gazte mailan partiduak motzagoak izaten ziren, baina seniorretan tantoak luzeagoak dira, eta horrek dakar partiduen iraupena luzeagoa izatea". Horrez gain, pilotaren pisuan ere aldea dagoela dio: "Pilotaren pisua 105 gramo ingurukoa da, eta lehengoak nahiko arinagoak ziren".
Aurtengo denboraldian izan duen beste aldaketa bat klubarena da. Aramaion jokatzetik Legution jokatzera pasa da Arriolabengoa. Legution senior mailako sei pilotari daude.
Denboraldi berrian zer?
Iazko denboraldian Arabako lurraldeko banakako gazte mailako txapelketa irabaztetik dator Arriolabengoa. Abenduaren 4ko finala irabaziko balu, 22 urtez azpikoetako txapela ere bereganatuko luke. Behin txapelketa hori amaituta, bestelako txapelketak ditu buruan Arriolabengoak: "Trinketean lehiatu nahiko nuke. Iaz, Cariñanosekin batera Arabako trinket txapelketa irabazi nuen, gazte mailan; ea aurten Asier del Camporekin osatzen dudan bikotea". Ondoren, lau eta erdikoa etorriko da.