Nola baloratzen duzue txapelketak emandakoa?
Oso pozik gaude; azkenean, pilotari asko etorri ziren, nahiz eta orain dela urte batzuk baino kopuru txikiagoa izan. Hain zuzen, zuzendaritza taldekook balorazio oso positiboa egiten dugu. Gainera, finalaren egunean oso lehia politak ikusi genituen. Eskolarteko pilotariak dira San Martin txapelketa jokatzen dutenak.
Eskolartekoa bukatuta, Arabako Lurralde Txapelketa duzue Aramaion orain?
Bai; martitzenetan izaten dira partiduak. Arabako Lurralde Txapelketa da, eta txapelketa horretan Markel Arriolabengoa aramaioarra dugu. Hain zuzen, martitzenean jokatu zuen, hemen, Aimar Kintanaren aurka, eta 22-19 irabazi zuen. Horrenbestez, finalerdietako txartela lortu du.
Aurten, hainbat pilotarik utzi dute pilota. Zer gertatu da?
Iaz, oso urte txarra izan zen; horrek dakar eguneroko dinamika, entrenamenduak partiduak... hori guztia galtzea. Apenas jokatu zuten partidurik. Hori horrela, oso zaila da federatu moduan jarraitzea. Zaletasun handia izan behar duzu aurrera egiteko.
Nortzuek jarraituko dute federatu mailan?
Bi pilotarik jarraituko dute: Markel Arriolabengoak Legutioko elkartean jokatuko du eta Julen Olaizolak, azkeneko urteetan moduan, Orozkoko taldean jarraituko du. Olaizola eskutik txarto ibili da azkenaldian, baina aurrera egin du eta seniorretara pasa da. Pilotari serioa da eta nahiko ondo dabil. Bestalde, Arriolabengoak Legution jokatuko du. Arabako Lurralde Txapelketa dabil jokatzen, 22 urtez azpikoen kategorian. Martitzenean garaipena lortuta, finalerdia jokatuko du.