Nerabeen topaketa izango den sukaldaritza lehiaketa egingo dute zapatuan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko aza. 18a, 12:03

Gaztea, sukaldean.

Masterchef lehiaketa egingo dute zapatuan, eskolako jangelan. 11:30ean elkartuko dira.

Aramaion nerabeen aisialdiaren inguruko hausnarketa egiten hasi ziren orain dela hilabete batzuk. Hainbat gabezia ikusi, eta nerabeen beharrei erantzuteko asmoz hasi zuten prozesua. Uda aurretik, Txatxilipurdi elkartearekin hainbat bilera egin zituzten. "Prozesu hark ekarri zuen hainbat gazte elkartzea, aisialdi taldea osatzeko. Horrela sortu zuten, besteak beste, udako Gazteuda eskaintza", azaldu du Oihana Ameskua zinegotziak.

Gazteek nerabeekin batera diseinatutako ekintzak egin zituzten udan, uztailean. Prozesu horrek jarraipena izan du, eta orain beste ekimen batekin datoz.

'Masterchef': sukalde kontuak

Oraingo honetan, sukaldaritza kontuekin datoz Aramaioko gaztetxoak: Masterchef lehiaketa egingo dute. 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa izango da.

Eskolako jantokian elkartuko dira, 11:30ean. Ekintza horretan parte hartu nahi duenak aurrez izena eman beharko du, online dagoen galdetegia beteta. Gazteek, taldeetan banatuta, pintxoak prestatu beharko dituzte. Epaimahai lanak hezitzaileek egingo dituzte. Hala, gazteek prestatutako pintxoak dastatu eta puntuazioa eman beharko dute.

Platerean aurkezteko modua, itxura, zaporea... izango dituzte kontuan, sukaldaritza lehiaketa ezagunean bezala. Hala ere, nabarmendu behar da sukaldaritza lehiaketa bat baino gehiago izango dela Aramaioko Masterchef. Izan ere, Gazte aisialdia sortzera goiez! lelopean egindako lehiaketaren helburu nagusia nerabeak elkartu, elkarrekin ondo pasatu eta aisialdi talde hori gorpuzteko topaketa izatea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak