Paraiso Antzerki taldea dago ekimenaren atzean: jaialdiak kontakizun zirraragarri eta harrigarri bat sortu nahi du.
Aramaioko Udaleko Kultura teknikari Itxaso Azpiazu: "Badira urte batzuk Haziaraba jaialdiko hainbat ekitaldi Aramaion egiten direla. Kaxekin egindako instalazioa, adibidez, egin izan dugu eta arrakasta izan du. Umeak eta gurasoak oso gustura ibiltzen dira".
'Kaxa bat, amets bat'
Paraiso Antzerki taldeak Aramaioko Udalaren eta San Martin eskolaren laguntzarekin antolatu du Kaxa bat, amets bat instalazioa. Helburua da esperientzia iradokitzaile bat aurkeztea familiei. Instalazioan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da udaletxean: 945-44 50 16.
Bi taldetan banatuko dituzte haurrak: 16:15ean, 2-3 urtekoen txanda izango da; eta 17:45ean, 4-5 urtekoena. Familiek joko irudimentsu eta sortzaile bat garatzeko aukera izango dute. Kultura etxean egongo da instalazioa. Kaxak jolas-elementu unibertsalak dira; eta haurrek esploratzeko, esperimentatzeko, eraldatzeko, sortzeko, imajinatzeko, amesteko eta partekatzeko askatasuna izango dute kultura etxeko instalazioan.
Imajinarioa eraikitzen
Jaialdiak ikuspegi garaikidea proposatzen du. Arte eszenikoek imajinarioa eraikitzeko duten balioa azalaraztea da helburu nagusietako bat. Modu berritzaileak aurkezten ditu, haurren eta sormen hizkuntzen arteko loturaren esanahi sakona ikusteko. Horrez gain, jaialdiak lurraldeko mapa kolaboratzaile bat marrazten du, etorkizuna moldatuko duten errealitate berriak proiektatzeko. Abenduaren 5era arte iraungo du jaialdiak, Arabako hainbat herritan.
Musika eta antzerkia
Beste bi ekitaldi ere egingo dira:
- Azaroaren 27an, 18:00etan, Leihoak antzezlana egingo dute, 2-5 urte bitarteko umeendako.
- Azaroaren 28an, 18:00etan, Kulunka musika emanaldia, 1-4 urte bitartekoendako.