Aramaioko taldea irailaz geroztik dabil entrenamenduetan. Zilarrezko mailan jokatzen dute aramaioarrek. Gaur-gaurkoz, ez daukate entrenatzailerik, eta hamar jokalarik dute fitxa eginda, baina gehiago egiteko aukera ere badute.
Entrenamenduen ardura
"Astelehenetan eta ostegunetan entrenatzen gara", dio Jon Ander Eriz jokalariak. Taldekideak arduratzen dira entrenamendu saioak prestatu eta taldearen antolaketa egiteaz. Hala ere, taldekide beteranoenek hartzen dute taldearen pisua edo ardura.
Iazko denboraldian ez zuten ligarik jokatu, eta 2019-2020 denboraldia martxoan eten behar izan zuten –gainontzeko liga guztiak bezala–. Ordutik ez dute partidu ofizialik jokatu Aramaioko jokalariek. Horrek nola eragingo dien ez dakite, baina argi dute eurak ondo daudela: "Ekipo ona dugu". Erizek nabarmendu du 2019-2020ko denboraldia eten zenean sailkapenean goian zeudela, lider.
Talde ona daukatela nabarmendu du Erizek, eta, euren asmoa "ondo pasatzea eta disfrutatzea" izango den arren, sailkapeneko goiko postuetan egoteko asmoa dute.
Etxean, indartsu
Aramaioarren indargunea etxeko partiduak izango dira. "Zaila izaten da Aramaion irabaztea", dio Erizek. Taldeak indartsu jokatzen du etxeko partiduetan, eta horri zaleen babesa gehitu behar zaio. Ondorioz, etxeko puntuak etxean geratzea eta etxetik kanpo ahalik eta puntu gehien irabaztea izango da helburua. "Jokalari gazteak ditugu", gehitu du Erizek.
Domekan hasiko dute liga, 12:00etan, Gasteizen: "Ez dugu ezagutzen Otso Gorri taldea, lehenengo aldiz jokatuko dugu euren aurka. Liga osatzen dugun hamabi taldeetatik bi bakarrik ezagutzen ditugu". Ligako bigarren jardunaldia etxean jokatuko dute, azaroaren 13-14ko aste bukaeran, Futbol Klub Kerembas taldearen aurka. Ligak maiatzera arte iraungo du, eta ondoren, Arabako Kopa jokatuko dute.
Jokatu eta ondo pasatu
Garai batean futbol taldea egon bazen ere, desagertuta zegoen azkenaldian elkartea; hala, orain dela urte batzuk hartu zuen berriro ere taldea martxan jartzeko ardura gazte kuadrilla batek, eta horretan dihardu: kirola eginez ondo pasatzen.