Herriko hainbat eragilek eta norbanakok bat egin dute biharko mendi martxarekin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urr. 15a, 09:39

Mendi martxa babestu duten hainbat herritar. Argazkia: Larraitz Arriolabengoa.

Arabako Mendiak Aske plataformaren babespean, Aramaioko hainbat elkartek mendi martxa antolatu dute biharko. Lau ibilbide irtengo dira: Aramaiotik, Marixekatik, Legutiotik eta Leintz Gatzagatik. 12:00etan egingo dute ekitaldi nagusia, Jarindon.

Arabako mendietan egitekoak diren hainbat proiekturen aurka Babestu maite duzun mendia ekimena antolatu du Arabako Mendiak Aske plataformak. Ekimen horren bueltan hainbat mendi martxa egin dituzte; bihar, zapatua, seigarrena eta azkena egingo dute: Jarindora, hain zuzen.

Jarindon eta Arabako beste hainbat lekutan egin nahi duten parke eolikoen proiektuen aurkako martxa izango da. Ekitaldi nagusia 12:00etan izango da, Jarindon. Hara joateko lau ibilbide antolatu dituzte: Aramaiokoa 09:00etan irtengo da, frontoitik; eta 10:30ean Marixekatik irtengo direnekin elkartuko da. Aramaiotik joan-etorria egiten duenak 21 kilometroko ibilbidea egingo du, eta Marixekatik, ostera, 5,5 kilometrokoa.

Beste bi ibilbideak Legutiotik eta Leintz Gatzagatik irtengo dira: Legutiotik 10:00etan irtengo dira eta Leintz Gatzagatik, 09:30ean.

Herriko eragileak

Arabako Mendiak Aske plataformaren babespean Aramaioko hainbat elkarte ibili dira mendi martxa antolatzen; besteak beste, Orixol Mendizale Elkartea eta Gazte Asanblada. Baina baita norbanakoak ere. "Arlabandik Jarindora bidean eolikoen proiektu bat martxan jarri nahi du Aixeindarrek, eta hori egin ahal izateko haize neurgailu bat jartzeko baimena eskatu dute", azaldu du Gazte Asanbladako kide Beñat Arregik. "Interes publikoko proiektua dela diote, baina guk guztiz pribatua dela uste dugu. Lursaila pribatua da, eta Aixeindarren %60 Iberdrolak du", gehitu du.

Ekitaldi nagusia

12:00etan egingo duten ekitaldi nagusian musika egongo da, eta ondoren, Arabako Mendiak Aske plataformako komunikatua irakurriko dute. Horrez gain, jatekoa eta edatekoa banatuko dute. Behin ekitaldia amaituta, arratsaldean, Aramaion jarraituko du aldarrikapenak. 19:00etan, musika kontzertuak egingo dituzte. Legazpiko Billy Club eta John Dealer and the Coconuts taldeek egingo dute kontzertua.

 

Gasteizen manifestazioa

Eolikoen proiektuen aurkako aldarriak jarraipena izango du urriaren 23an, Gasteizen. Araba bizirik!, lurra defendatuko dugu lelopean egingo dute manifestazioa. 18:30ean izango da, Gasteizko Bilbo plazan. Hainbat eragilek deituta, zera eskatuko dute: zentral eolikoak mendietan ez egitea; tren sozialaren alde AHTrik ez egitea; eta abeltzaintzako eta nekazaritzako lurrak ez industrializatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak