Nolako lasterketa izango da erlojupekoa?
Murgian jokatuko da eta 8 kilometroko erlojupekoa izango da. Esango nuke ibilbide egokia dela niretako. Nahiko etapa laua izango da, eta amaiera aldean aldapa txiki bat izango du. Kadete mailan lehenengo urtea du, eta bigarren urtekoak izango dira faboritoak. Hala ere, daukadan guztia emango dut lasterketa ona egiteko.
Arabako Itzulia jokatu berri zatoz. Nolako indarrarekin zatoz?
Arabako Itzulian maila ona eman nuen, ikusi dut ondo nagoela eta parte hartzeko indarrez nator. Ea zelan irteten den lasterketa.
Denboraldia amaitutzat emango duzu biharko lasterketarekin?
Bai, hala da. Martxoan hasi genuen denboraldia eta zazpi hilabeteren ostean, biharko lasterketarekin amaituko dut.
Lehenengo urtea egin duzu txirrindularitzan. Nolako balorazioa egiten duzu?
Ez nuen espero horrelako ondo ibiltzerik. Txirrindularitzan sekula ibili barik nengoen... asko gustatu zait lasterketetan dagoen giroa.
Lasterketak amaitzea, hori izan da zure helburua?
Bai, hasieran hori pentsatzen nuen, lasterketak amaitzea; eta, ikusi dut ondo ibili naizela eta lasterketak amaitu ditudala. Gainera, ez dut erorikorik izan eta ez dut minik hartu eta hori ere oso garrantzitsua da.
Bergarako Lokatza elkartean jarraituko duzu datorren denboraldian ere?
Bai, oso gustura ibili naiz eta jarraitzeko asmoa daukat. Oso ondo zaindu gaituzte eta beti egon dira laguntzeko prest. Gainera, datorren denboraldirako Elgetako beste neska bat ere hasiko da kadete mailan gurekin. Animatu nahiko nituzke neskak ziklismoan parte hartzera. Oso kirol polita da eta ondo pasatzen dugu.
Kadete mailako bigarren urtea izango duzu. Esperientzia alde izango duzu denboraldi berrian?
Egia esan uste dut igarriko dudala aurten izandako esperientzia. Zer egin eta batez ere zer ez egin badakit orain. Neguan ere entrenamendu saioak egingo ditut eta hori guztia igarri egingo dut denboraldi berrian.