Aramaioko Udalak argazki zaharrak jasotzen jarraitzeko konpromisoarekin jarraitzen du. Hala, argazkiak jaso eta artxibatzeko deialdiaren epea luzatu egin dute: urriaren 14ra arte aurkez daitezke proposamenak udaletxean. Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari direnen artean ere zabaldu dute deialdia.
Jaso eta artxibatu
Asmoa da artxiboa osatzen joatea. "Orain dela urte batzuk, Udalak beka bat atera zuen eta pertsona bat ibili zen argazki zaharrak biltzen, baserriz baserri", azaldu du Rosa Mondragonek, Euskara teknikariak. Argazki horiek jasota, eskaneatuta eta artxibatuta daude.
Hautagaiek proiektu bat aurkeztu beharko dute aipatutako epearen barruan –taldeka ere egin daiteke lana–. Udalaren web atarian dauden inprimakiak bete beharko dira, eta inprimakian zehaztu beharko da, besteak beste, nola egingo duten lan. Udalak 2.000 euroko partida onartu zuen lan horiek egiteko.
Lehen jasotako argazkiak ikusgai jarri zituzten
2019ko abenduaren 20an inauguratu zuten kaleko erakusketa. Kalean ez dituzte artxibatutako argazki guztiak jarri, kalitate handiena dutenak bakarrik. Garbitu eta txukundu egin zituzten, Alex Mendikuteren laguntzarekin, eta ondoren, euskarri gogor batean inprimatu. Metro koadro bateko tamaina dute argazkiek eta pertsonak dira protagonistak; batez ere, emakumeak. 1900. urtekoa da argazki zaharrena eta Artabe (Barajuen) baserriko Juana da protagonista