Automobil gehiagorekin edo gutxiagorekin, baina bihar ikuskizuna egongo da Aramaioko errepideetan. Rallysprintaren norabidea aldatu egingo dute aurtengo edizioan, eta lasterketaren irteera frontoiaren atzealdean egongo da, Uribarri auzora bidean. Hala, Arriolako eta Arexolako auzoetatik Etxaguengo bidegurutzeraino igoko dira autoak, eta handik Gantzagako bidegurutzean behera Andramariko bidegurutzeraino jaitsi: "Noranzko honetan igoera luzeagoa da. Eta gero, adi ibili behar da jaitsieran, bihurgune itxiak daude, beste batzuk azkarrak dira, tarte batzuetan hartxintxarra dago...", adierazi du irteera puntuan izango den Aramaiko pilotu Eneko Uribek.
Pilotu kopuru txikiagoa
Aipatu moduan, baina, aurreko urteekin alderatuta pilotu kopuru txikiagoa izango da lasterketan: "Garbi daukagu zein den motiboa, eta ez da rallyak hilda daudelako. Duela urte batzuk beherakada handia egon zen, baina jendea lasterketetara itzuli da; iaz inoiz baino sarrera gehiago saldu genituen. Kontua da aurreko astean Lesakako rallysprinta egin zutela, eta horrek eragin zuzena izan du gurean, bi astez jarraian lehiatzea askotxo da-eta, besteak beste, ekonomikoki".