Gazte mailako finalean, Laudioko Arkaitz Eskuza pilotariaren kontra galdu du Julen Olaizola aramioarrak (22-13). "Oso ona da eta galdu egingo nuela epero nuen, egia esan, baina irabazten hasi naiz, ondo jokatzen, eta irabazi egingo nuela ere pentsatu dut une baten. 8-3 joan naiz irabazten, eta 13-6ra iritsi. Baina hor huts egin dut eta hortik aurrera bera izan da nagusi. 22-13 bukatu da partidua. Dena dela, gustura nago egindako lanarekin. Ondo ibili naiz eta gozatu egin dut".
Asier Del Campok, berriz, 22 urtez azpiko kategorian jokatu du finala Amurrioko Eneko Gonzalezen kontra. Eta galdu egin du berak ere (22-19). "Oso partidu parekatua izan da, 5-2 hasi naiz irabazten eta 12-7 galtzen joan ostean, 13na berdindu dugu. Hortik aurrera, jarraian egin ditu 18ra arteko tantoak berak eta 21-19 galtzen nengoela, azkenengoan huts egin eta berak irabazi du finala. Baina oso ondo ibili naiz, oso gustura nago". Gasteizko jaien barruan uztailaren 29tik abuztuaren 9ra egingo den binakako txapelketan hartuko du parte laster Del Campok.