Urmuga ekimenaren barruan pago zaharra omenduko dute, bizirik jarrai dezan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko uzt. 16a, 08:00

Pago zaharra.

Bihar, zapatua, pasako da Urmuga Aramaiotik. Urkiolatik Arlabanerako ibilbidea egingo dute, 24 kilometro. Ibilaldian zehar, geldialdi berezia egingo dute Aramaion: Pago zaharra ekimena egingo dute.

Kruzetatik gertu geratuko dira, Jarindogoiti inguruan, hain zuzen. Pago zaharra ekimena egingo dute han, aurtengo ekitaldiko ekimen berria izango dena. Izan ere, jabetza pribatukoa den pago hori sinbolo moduan erabili nahi dute; ondasun natural ez-materiala zaintzeko sinbolo moduan.

"Ederra eta zaharra"

Felipe Uriarteren ideia izan da Aramaioko pagoa sinbolo moduan erabiltzea. Iazko lehenengo Urmuga ekitaldian, Orixolen behera zihoazela egin zuen topo pago zaharrarekin, eta, "ederra" izateaz gain, "zaharra" iruditu zitzaion. Osasunez ondo dagoen pagoa izan arren, zaintza behar du; eta bihar egingo duten ekitaldiaren bitartez zaintza horren beharra aldarrikatuko dute, pagoak bizirik jarrai dezan.

Pago motzaren gerri inguruak 4,5 metro ditu, eta, zenbat urte dituen zehatz ez dakiten arren, 250 bat izan ditzakeela uste dute Urmugako antolatzaileek.

Inguratu egin dute

Udaleko Ingurumen zinegotzi Santi Balantzategik dio Urmugako antolatzaileek euren asmoen berri eman zietela, eta Udala ados egon dela ekimena egitearekin. Pago ingurua txukundu egin dute, eta, gainera, kartel bat jarri diote pago zahar horrek ematen duen bizitzaren inguruko informazioarekin.

Musika eta bertsolariak

Aramaioko Udalak nahi izan du biharko ekitaldian herritarrek parte hartzea. Hala, Urmugako antolatzaileekin koordinatuta ibili dira lanean ekimena antolatzen. Urmugak izango dituen beste ekitaldi batzuetan sarrerak erosi beharko diren arren, Pago zaharra ekimenerako ez da sarrerarik erosi behar izango. Edozelan ere, arauak eta edukiera errespetatu ahal izateko, gonbidapena beharko da.

Ekitaldian parte hartuko dute Aramaioko txalapartariek eta Alaiak abesbatzak; Julio Soto, Manex Agirre eta Xabi Igoa bertsolariek; eta Eñaut Zubizarreta txelo-jotzaile eskoriatzarrak. "Poliedro laneko hiru abesti eskainiko ditut", dio Zubizarretak. Musikariak pozik hartu du ekimenean parte hartzeko aukera. "Mendian hil, hirian hil dokumentalean ezagutu nuen Felipe Uriarte", dio, eta gaineratu du: "Nire proiektua ezagutu zuen eta zerbait egin behar genuela esan zidan".

Eskoriatzarrak pozik hartu du Urmuga moduko ekimen batean parte hartzea, atzean balio "politak" daudela iritzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak