"Gogotsu" hartu dituzte aramaioarrek trantsizio jaiak. Antolatu diren ekitaldietan jende asko ibili da, eta segurtasun arauak errespetatuz "jai giro elegantea" izan dutela nabarmendu dute Jai Batzordeko kideek. Nabarmentzekoa da musika emanaldiek izan duten arrakasta.
Zapatuan herriko taldeen emanaldiaz gozatzera "espero baino jende gehiago" joan zela dio Unai Etxenausia antolatzaileak, eta astelehenean Idoia Asurmendik eskaini zuen emanaldia "polita eta hunkigarria" izan zela.
Erantzun ona
"Antolatzaileek ezarritako arauak errespetatu egin dira eta herritarren erantzuna izugarria izan da", dio Etxenausiak. Txosnaguneko arauak errespetatu egin direla nabarmendu du. Antolatu dituzten beste zenbait ekintza ere nabarmendu ditu aramaioarrak: "Mus txapelketan adin guztietako jendeak parte hartu zuen, eta street boulder ekimenean aparteko giroa egon zen". Etxenausiak dio astelehen gauerako txosnetan zuten jeneroa amaitu egin zela: "Beste urte batzuetan gertatu izan den moduan".
Udalaren balorazioa
Udalak egin du balorazioa: "arduraz eta zentzuz" jokatuta lau egun hauek posible egin dituztenak eskertu gura ditu Udalak.
Hala ere, Udalak eskatu du besteekiko errespetua eta inguruak garbi uzteko. Izan ere, ekintzak amaitu ondoren, eta txosnagunea eta tabernak itxi ondoren "kanpokoek eta herritarrek zikintasuna eta zarata eragin dute, aste bukaera askotan bezala".
Udalaren oharra:
"Aurten trantsizio jai batzuk planteatu genituen azken momentuan egoerak horretarako bide ematen zuela ikusita. Zaila izan da antolakuntza, sekula baino zailagoa, pandemiak gogor astindu gaitu zentzu guztietan eta arauak eta egoera etengabe aldakorrak izaten ari dira.
Hala ere, bilera ireki batean, herritar zein herriko eragile ezberdinekin bilduta, ardura handiarekin, aurrera egin genuen. Lau egun bizi biziak izan dira antolakuntzan ibili garenontzat baina orokorrean balorazio ona egiten dugu.
Herritar ezberdinen konpromisoa eta ardura ezinbestekoa izan da horretarako, eta horregatik bihotzez eskertu nahi diegu arduraz eta zentzuz lau egun hauek posible egin dituzten guztiei: Anbotoko Mariri, txosna terraza antolatzen eta zaintzen ibili diren gazte guztiak; Lagun Artean dantza taldeko herriko artistei; Alaiak jubilatu elkarteari nagusien artisau erakusketarekin gure nagusien artelanei balorean jarri eta herriari erakustearren; Papargorri eta Alaiak Abesbatzei gure belarriak eta bihotzak goxatzearren; Idoia, The Clayton, Balarrasa eta Exterminio herriko musika taldeei; tabernariei, garbitzaileei, txistulariak, … eta orokorrean hau errazago egitea posible egin duzuen guztioi.
Ekintza antolatuak eta txosna terraza bera, zein tabernak itxi ostean, kanpoko jendeak, orokorrean, zein bertakoak zarata eta zikintasuna eragin dute, asteburu askotan bezala. Horren aurrean beste behin ere jendeari besteekiko errespetua eta inguruak garbi uzteko eskaera luzatu nahi diogu, indibidualtasun guztien gainetik elkarbizitzari begira ezinbestekoak direlako errespetua bera eta zentzuna.
Eskerrik asko berriro ere bizitzaren ospakizuna eta osasunaren zaintzaren orekan zentzunaz eta arduraz kolektiboki dantzan zabiltzaten denoi eta segi dezagun denon artean herria egiten!"