Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanblada sortu zenetik 19 urte pasa dira, eta lanean jarraitzen dute herriko gazteen parte hartzea sendotzeko helburuarekin, herriari bizitasuna emateko, bertan eraginez, hainbat ekintza antolatuz: mendi martxak, tailerrak, hitzaldiak, bideo emanaldiak, kontzertuak, jaialdiak, mobilizazioak, eta abar. Aramaioko San Martin jaietan ere euren lana izugarria izaten da urtero, eta aurten, beste zenbait eragile eta norbanakoren laguntzarekin jai batzordea osatu dute, egitarau zabala prestatzeko.
Zentzuz jokatzeko eskaera
"Asanbladako kideekin batera, beste zenbait herritarren artean taldea osatu da, eta Aramaioko Udalarekin elkarlanean izan gara jaietarako egitaraua antolatzeko. Ez dira ohiko festak izango, eta, horregatik, Aramaixoko transisiño jaixek izenpean bataiatu ditugu. Txosnagunean sei laguneko mahaiak jarriko ditugu, eta edukiera errespetatu beharko da. Asmoa ez da polizia lanetan aritzea, baina neurriak errespetatzeko kontrola egongo da. Hori horrela, azpimarratu nahiko genuke lan asko egin dugula egitaraua antolatzeko, eta zenbait lagun izango dira txosnagune barruan gertatzen denaren arduradun; beraz, errespetuz jokatzeko eskaera egin nahi dugu. Modu berezian bada ere, jaiak ospatu ahal ditugula demostratuko dugu", adierazi du Unai Etxenausiak, Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladako kideeak.
Herriko taldeei tokia
Egitarau osatua prestatu dute egunotarako, musikari protagonismo handia emanda. Gaur, 17:00etan irekiko dute txosnagunea, eskola parean, eta 22:00etan, Kai Nakai eta Dupla taldeen kontzertuak izango dira. Zapaturako, berriz, street boulder-a antolatu dute ekintza berezi moduan, eta arrakastatsua izango dela aurreikusten dute: "Zaletasuna badago, eta lehenengo aldiz antolatu dugu. Aramaio street boulder-a praktikatzeko leku aproposa dela uste dugu, eta herrian zehar zenbait txokotan arituko dira eskalatzaileak erakustaldia egiten. Horren ostean, 21:30ean, herriko hiru talderen kontzertuak izango ditugu: The Clayton, Balarrasa eta El Exterminio de la Raza del Mono. Herriko musikariek egiten dutenari ere balioa eman nahi izan diogu, eta zapatua aprobetxatuko dugu horretarako". Domekan, mus txapelketa izango da, 15:00etan, eta urtero hutsik egiten ez duen Berbapasie, 22:30ean. Trantsizio festei amaiera emateko, berriz, mozorro eguna izango dute aurretik, eta Idoia Asurmendi musikari aramaioarraren emanaldia izango da, 22:00etan.