LH-1 eta LH-6 artekoendako ekintza da, eta 09:30etik 13:30era egiten dute. "Urtero egiten dugu ikastaroa. Bergaran ere egiten dugu, baina, kiroldegian lanetan dabiltzala kontuan hartuta, Aramaion egingo dugu", azaldu du Ojangurenek.
Aramaioko campusean ez daude udalerriko gaztetxoak bakarrik: Arrasateko, Bergarako eta Elorrioko gaztetxoak ere batzen dira.
Arauak, ariketak, eta abar
Irristaketa eta hockey campusean maila askotariko neska-mutikoak dabiltza: "Ume batek, adibidez, patinak inoiz jantzi barik zituen, eta berehala ikasi du". Horrez gain, arauak ere ikasten dituzte: "Hockeyko oinarrizko arauak ikasten ditugu, eta ariketa fisikoak ere egiten ditugu, koordinazioa lantzen dugu...".
Helburuak
Hockeyra gerturatzea eta irristaketa erakustea da campusaren helburu nagusia. Edozelan ere, baditu bestelako abantaila batzuk: "Familiei zerbitzua eskaintzea, udalekuek eskaintzen dutenaren antzerakoa. Hau da, umeak etxean jasotzen ditugu eta berriro ere bueltatzen ditugu etxera".