Torturaren biktimak babesteko nazioarteko egunarekin bat egin du Aramaioko Udalbatzak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko eka. 26a, 08:00

Eguenean egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuten mozioa.

Nazio Batuek Torturaren Biktimak Babesteko izendatutako nazioarteko egunarekin bat egin du Aramaioko Udalbatzak. Ekaineko ohiko osoko bilkuran EH Bildu taldeak aurkeztutako mozioa onartu zuten, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren kontrakoekin.

Nazio Batuek nabarmendu dute tortura Gizateriaren aurkako krimena dela, eta salatzen du "biktimaren nortasuna suntsitzen" duela, eta "gizaki ororen berezko duintasuna mespretxatzen" duela.

Legebiltzarrak egun hori ospatzeko jarrera

Eusko Legebiltzarrak 2019ko ekainaren 6an egun hori ospatzearen aldeko jarrera hartu zuen, eta Eusko Jaurlaritzari torturaren biktima guztiak berariaz aitortzeko ekitaldia egin zezala eskatu zion.

Bestalde, torturatutako pertsonen kolektiboak askotan adierazi du, biktimizazio bikoitza jasaten dutela biktimarioei omenaldia eta aitorpena egiten zaizkienean.

Bada, Aramaioko Udalbatzak, testuinguru horretan, torturaren biktimen eskaera kolektiboa babestu behar duela uste du. Horretarako, mozio hau onartu dute:

  1. Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunerako Nazio Batuek egindako deiarekin bat etorriz, torturak Euskal Herriko indarkeria politikoaren testuinguruan duen sakontasuna eta hedadura berariaz onartzen du, zalantzarik gabeko txostenek zenbatutako 5.000 kasu baino gehiago daudela onartu ere.
  2. Krimen horien zigorgabetasuna ez onartzera eta tortura ahalbidetzen duten sistemak (legeria eta auzitegi bereziak, torturaz erauzitako testigantzetan oinarritutako zigorrak...) eraldatzera eta bertan behera uztera deitzen dugu.
  3. Gorputz polizial ezberdinen eskuetan tortura fisiko edo psikiko oso larriak jasan dituztenen abandonua eta ahanztura instituzionala salatzen du.
  4. Aitortza Instituzionala egiten dio haien sufrimenduari egia, justizia eta oroimena eskatuz.
  5. Onartutako mozio hau publiko egingo du herritarrei berri emanez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak