Enkantera atera dute lur orotako ibilgailua

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko eka. 25a, 12:00

Enkantera atera duten Mitsubishi ibilgailua.

Eskaintzak aurkezteko epea uztailaren 3a izango da. Gutxieneko irteera prezioa 250 euro izango da eta 100 euroko bermea ipini behar da.

Aramaioko Udalak enkantera atera du udal langileek erabili izan duten lur orotako ibilgailua; besteak beste, elurra kentzeko pala jarri izan diote auto horri.

'Pick-up' erakoa

Dagoeneko Udalak publikatu ditu enkantearen prozedura arautzen dituen pleguak. Mitsubishi markako lur orotako ibil-gailua da enkantera atera dutena, pick-up erakoa, zuria, lehenengo matrikulazioa 1995ean duena.

Prozedura irekia izango da eta eskaintza ekonomiko onena egiten duenak eramango du ibilgailua. Interesatuek uztailaren 3a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaintza. Gutxieneko irteera prezioa 250 euro izango da; hau da, eskaintzak ezingo dira prezio hori baino txikiagoak izan. Gainera, esleipendunak ordaindu beharko ditu balizko gastu guztiak –salmentaren zergak, ibilgailua bere izenean jartzeko tramiteak...– eta, ibilgailua errepidean ibili ahal izateko, dagokion egokitzapen eta konponketak egin beharko dizkio, bere kontura, egungo legediak eskatzen dizkion betekizunak betetze aldera.

100 euroko bermea

Lizitazioan parte hartuko duten pertsona fisiko eta juridikoek 100 euroko bermea jarri beharko dute. Behin-behineko berme horrek bermatuko du lizitatzaileak mantendu egingo dituela aurkeztu dituen eskaintzak.

Non eta nola aurkeztu

Eskaintzak modu telematikoan aurkezteko aukera egongo da, eta baita udaletxeko bulegoan bertan ere. Kasu horretan, uztailaren 2a izango da azkeneko eguna, 14:00ak baino lehen. Ibilgailua ondasun ez erabilgarri bezala izendatu da, eta ez dauka karga, zerga edo bestelakorik. Ibilgailuari buruzko datu gehiago nahi dituenak edo ibilgailua bertatik bertara ikusi nahi duenak Udalarekin harremanetan jarri beharko du, 945 44 50 16 telefono zenbakian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak