"Beroak gogortu egin du lasterketa hasieratik. Oso gogor hasi gara eta puntutik aterata joan naiz, baina indarrak neurtzea lortu dut eta hobeto sentitu naiz. Erritmoa gogortu dudanean, ikusi dut anaiak ez zidala jarraitzen eta Ander zetorren atzetik. Polita izan da. Gainera, itzuli bat gehitu diote zirkuituari eta oso dibertigarria iruditu zait", azaldu du txapeldunak.
Ander Bengoak ohorezko postua lortu du etxeko proban. "Pozik nago bigarren postuarekin. Goranzkoan ihes egiten zidaten anaiek eta beheranzkoan harrapatu egiten nituen. Gero, ordea, bietako batek ihes egin dit eta bestea atzean utzi dut. Horrez gain, zaleek izugarri animatu gaituzte eta etxean beti gustura aritzen naiz".
Emakumezkoetan, berriz, Paula Suarez gasteiztarra izan da onena, nahiz eta aitortu duen oso lasterketa gogorra izan den. "Batez ere beroagatik eta atzetik presio handia neukalako. Hala ere, gustura sentitu naiz eta asko gozatu dut. Atzo pare bat buelta eman nizkion zirkuituari, ondo prestatzeko. Nire gaitasunetara ondo egokitzen den zirkuitua da, polita".
Luzeagoa izan da aurtengoa
Jon Andoni Axpe antolakuntza taldeko kideak ere onartu du bero handiegia egin duela. "Hasieratik ur eske aritu dira ziklistak. Aramaioko zirkuitua exijitzen duen horietakoa da, gorabehera askokoa. Desnibel positibo metatua ia 1.200 metrokoa izan da. Beraz, eguraldi onekin gogorra izan da. Baina lasterketari erreparatuta, guztia ondo joan da".
Zirkuitua, Axperen esanetan, guztiz aldatzen da eguraldiaren arabera. "Normalean martxoan izaten da proba hau eta garai horretan askoz ere hezetasun handiagoa egoten da, lokatza eta abarrekin. Aurtengoan, lehortearekin, zirkuitua azkarra bilakatu da eta horrek gogortu egiten du proba". Hori dela eta, gutxieneko denboretara iristeko, luzatu egin dute lasterketa.
Txirrindulariez gain, jende asko gerturatu da mendi bizikletaz gozatzera. "Etxetik irteteko gogoz dago jendea. Gu saiatu gara pandemiari lotutako protolo guztiak betetzen eta esango nuke guztiok pozik geratu garela, bai ziklistak, bai zaleak eta baita gu ere. Gainera, lasterketa asko bertan behera geratzen ari diren honetan, zoriondu egin gaituzte proba antolatzeagatik, eta hori ere eskertzekoa da", azpimarratu du Axpek.
Sailkapenak:
Gizonezkoen elite maila:
1.Josu Torres.
2.Ander Bengoa.
3.Francisco Javier Torres.
Emakumezkoen Open Scratch:
1.Paula Suarez.
2.Olatz Odriozola.
3.Ainara Elbusto.
M 40-50-60:
1.Alberto Gomez.
2.Iñaki Isasi.
3.Eneko Gonzalez.
M 30:
1.Ander Lekuona.
2.Jon Karrastia.
3.Ugaitz Olaizola.
Junior maila:
1.Ugaitz Arrieta.
2.Koldo Herrera.
3.Igor Bilbao.
23 urtez azpikoak:
1.Andres Montalvo.
2.Gorka Indurain.
3.Lier Unzueta.
Kadete (gizonezkoak):
1.Eneit Vertiz.
2.Saul Lerga.
3.Oskitx Eguiguren.
Emakumezkoen gazteen Opena:
1.Irene Dallo.
2.Magali Albisu.
3.Sara Zizhu Goñi.