Txakur Gorria sormen taldearen lanaz jardungo dute gaur, osoko bilkuren aretoan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko eka. 7a, 11:23

Irakurle klub feministak antolatuta solasaldia eskainiko dute Ane Labakak eta Malen Amenabarrek gaur, 18:00etan. Parte hartu nahi duenak izena eman beharko du.

Autoekoizpena lantzen duen sormen taldea da Txakur Gorria. Lau emakumek osatzen dute, eta hitzaren eta ilustrazioaren bueltan ibiltzen dira. Hain zuzen ere, sortzen zaien lehen ideia plazaratzera iritsi arteko prozesu guztia modu kolektiboan lantzen dute.
Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal testuez arduratzen dira eta Mariñe Arbeo eta Malen Amenabar, ilustrazioez. Hain zuzen, Labaka eta Amenabar izango dira Aramaioko solasaldian. Osoko bilkuren aretoan izango da gaur, 18:00etan.

Feminismoa eta euskara 

Irakurle klub feministak antolatutako solasaldia izango da. Euskaltzaletasuna eta feminismoa dira irakurle taldearen ardatzak; eta, hain zuzen, bi ideia horiek izango dituzte hizpide Labakak eta Amenabarrek. "Irakurle taldean Errealitateak liburua irakurri dugu, eta liburu horri buruz berba egingo dute. Horrez gain, euren lanei buruz berba egiteko tartea ere hartuko dute", azaldu du irakurle taldea dinamizatzen duen Ainhoa Aldazabalek.

Autoekoizpena 

"Sormen talde berezia da Txakur Gorria", azaldu du Aldazabalek, eta gehitu du: "Ekoizpen literarioa ez dute argitaletxeen bitartez egiten, autoekoizpena egiten dute. Hori horrela, liburuak bereziak dira bai forma aldetik, ilustrazio aldetik, eta baita testuen aldetik ere". Solasaldian aztertuko duten liburuko hitzak Labakak egindakoak dira; aldiz, ilustrazioez arduratu da Amenabar.

Solasaldia herritar guztiei zabalik dago, ez bakarrik irakurle taldekoak direnei. Izena ematea ezinbestekoa izango da parte hartu nahi izanez gero, berdintasuna@gorbeialdea.eus helbide elektronikora idatzita. Plazak mugatuak dira.

Irakurle taldea

Ainhoa Aldazabal "pozik" dago aurtengo ikasturteak eman duenarekin: "Asteleheneko solasaldiarekin amaitutzat emango dugu 2020-2021 ikasturtea. Egia esan, oso balorazio ona egiten dut. Ez da talde handia, baina bai egonkorra".

Egoera berezietan horrelako dinamikak mantentzea pozgarria dela dio Aldazabalek. Ikasturtea amaitutzat eman arren, hurrengora begira jarrita dago dagoeneko: "Urrian ekingo diogu ikasturte berriari. Jendea animatu nahiko nuke parte hartzera". Feminismoaren inguruko liburuak irakurri eta horiek aztertzen dituzte solasaldietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak