Aramaioko historia irudien bitartez jaso nahi du Udalak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko eka. 4a, 11:24

Aramaioko Udalak lehiaketa deialdia egin du argazki zaharrak bildu eta artxibatzeko. Interesatuek ekainaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dute proiektua eta dokumentazioa udaletxean.

Argazki historikoak jasotzeko lehiaketa deialdia egitea onartu zuten egueneko osoko bilkuran. Orain dela urte batzuk egin zuten proiektu horren lehenengo fasea; 1960tik aurrerako argazkiak bildu eta artxibatu. Hala, orain, hasitako bideari jarraipena eman nahi zaio. 1960a baino lehenagoko argazkiak bildu, aukeratu, katalogatu eta digitalizatu egin gura dituzte.

2.000 euroko aurrekontua

Lehiaketa bidez egingo dute hautaketa prozesua. Hautagaiek proiektu bat aurkeztu beharko dute –taldeka ere egin daiteke–. "Proiektu horretan azaldu beharko dute ze asmo duten: nola katalogatuko duten, digitalizatzeko ze baliabide erabiliko dituzten...", azaldu du Oihana Amezkua zinegotziak. Hainbat irizpide bete beharko dituzte hautagaiek: besteak beste, Aramaioko kultur ondarea ezagutzea, euskara menderatzea eta argazkigintzaren ezagutza eta formakuntza izatea. Behin esleipena eginda, lau hilabeteko epea izango du aukeratuak proiektua egiteko. Landa eta artxibo lana egin beharko da: etxez etxe argazkiak bildu, digitalizatu eta artxibatu. Udalak ezarritako irizpideei jarraituta egin beharko da lana. Lan hori bukatutakoan, proiektua bera nola herriratu erabaki beharko dute udal ordezkariek.

Proiektua egiteko aurrekontua 2.000 eurokoa da.

Proiektua eta dokumentazioa non aurkeztu

Interesatuek ekainaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dute proiektua eta dokumentazioa Aramaioko udaletxean edo tramitazio elektronikoaren bitartez.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak