Ikasturte berezi honi amaiera eman eta betiko errutinak berriz hartzeko gogotsu daude musika eskolako irakasleak eta ikasleak. Betiko errutinen artean daude musika kalera ateratzea, izan kantuan, izan emanaldi bidez. Hala, Musika Asterako prestatu duten egitarauan tarte zabala egin diete emanaldiei.
Emanaldi bereziena eguaztenean izango da, ekainaren 2an, 17:30ean. Musika eskolako gaztetxoek ikasturtean zehar ikasitakoak erakutsiko dituzte kultura etxeko oholtza gainean. Ordu eta erdi iraungo du emanaldiak eta taldetxoetan eskainiko dituzte piezak. 30 bat neska-mutiko igoko dira oholtzara.
Ate irekiak martitzenean
Martitzenean, ekainaren 1ean, musika etxearen ate irekiak egingo dituzte, 16:00etatik 18:00etara bitartean. Modu ofizialean estreinatu barik dagoen arren, irailaz geroztik dabiltza eskolak ematen musika etxean. Larraitz Arriolabengoa eta Manex Arriolabengoa dira irakasleak, eta pozik daude leku berriarekin. "Oso positiboa izan da hona etortzea. Leku gehiago dugu, eta horrek aukera ematen du beste gauza batzuk egiteko. Pedagogikoki asko irabazi dugu", dio Larraitz Arriolabengoak. Pianoa, gitarra, musika hezkuntza eta txikitxoenei zuzendutako musika eta mugimendua eskaintzen dituzte.
Horrez gain, Trikikalejira trikiti eskolak trikiti eta pandero eskolak eskaintzen ditu egubakoitzetan.
Bi kontzertu berezi
Musika eskolako egitarauaren barruan, bi emanaldi eskainiko dituzte: ekainaren 3an, jazz kontzertua eskainiko du Jose Barrio Quartet taldeak. Kultura etxean izango da, 18:30ean. Horrez gain, musika klasikoak bere tartetxoa izango du zapatuan: harpaz eta zeharkako txirulaz osatutako bikote batek emanaldia egingo du kultura etxean, 18:30ean. "Marion Desjacques Bilboko Orkestra Sinfonikoko harpa-jotzailea da", dio Arriolabengoak. Zeharkako txirula, berriz, Alberto Itoiz nafarrak joko du.
Alaiak kantu taldea
Egubakoitzean, ekainaren 4an, Alaiak kantu taldearekin batera kantu emanaldia egingo dute parkean, 17:30ean: "Asko kantatzen dugun herria gara, baina aurtengo egoeran ez dugu ezer egin". Bestalde, trikiti eskolakoek emanaldia egingo dute domekan, 12:00etan, Azkoagan. Debagoieneko trikitilarien emanaldia izan beharko litzateke, baina, egoerak behartuta, eskola bakoitzak bere herrian joko du.
Zinemari ere lekutxoa
Musikak zineman izan duen eragina ikusteko, bi film emango dituzte: astelehenean, 18:30ean, kultura etxean, Chico y Rita; eta ekainaren 6an, 19:00etan, kultura etxean, El piano.
Egitaraua
- Maiatzak 31: Musika zineman, Chico y Rita, 18:30ean, kultura etxean.
- Ekainak 1: Musika etxearen ate irekiak, 16:00etatik 18:00etara.
- Ekainak 2: Musika eskolaren emanaldia, 17:30ean, kultura etxean.
- Ekainak 3: Jazz kontzertua: Jose Barrio Quartet, 18:30ean, kultura etxean.
- Ekainak 4: Kantuz kalean, Alaiak kantu taldearekin batera, 17:30ean, parkean.
- Ekainak 5: Musika klasikoko kontzertua: harpa eta zeharkako txirula, 18:30ean, kultura etxean.
- Ekainak 6: Debagoieneko Trikitilarien emanaldia, Azkoaga auzoan, 12:00etan.
- Ekainak 6: El piano filma, 19:00etan, kultura etxean.