'Aramaio loratzen' lehiaketa, udalerriko balkoi, leiho eta etxe-atari politenak saritzeko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko mai. 20a, 09:56

Loreak Aramaioko kalean.

Aramaioko Udalak Aramaio loratzen ekimena jarri du martxan. Udalerriko balkoiak, leihoak eta atariak lorez apaindu eta dotore jartzeko; eta ahalegin hori saritzeko lehiaketa egingo dute.

Lehen aldiz egingo dute horrelako lehiaketa bat.

Balkoiak, arnasgune

Azken urtean balkoiek indarra hartu dute egunerokoan. Etxean nahi baino denbora gehiago pasa beharrak eragin du balkoia izatea etxeko arnasgunea. Izan ere, balkoiek garrantzia hartu dute; batez ere, erdigunean bizi direnendako. "Balkoiek garrantzia hartu dute gaur egungo egoeran. Ekimen honekin, balkoien garrantzi hori nabarmendu egin nahi izan dugu, eta proposatu dugu sariketa bat egitea", azaldu du Udaleko Kultura teknikari Itsaso Azpiazuk.

Lehiaketan parte hartzeko udaletxean izena ematea ezinbestekoa izango da. Balkoiek, leihoek eta atariek ekainaren 1etik 23ra bitartean, gutxienez, apainduta egon beharko dute; gainera, parte-hartzaile bakoitzari txartel bat emango diote zenbaki batekin, eta txartel hori ikusgai izan beharko du lehiaketak irauten duen bitartean.

Kontuan hartuko dituztenak

Epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan: originaltasuna, apainketaren kalitatea, erabili diren loreen iraunkortasuna, harmonia eta diseinua, eta erabilitako materiala; material birziklatua erabiltzea baloratu egingo dute.

Antolatzaileek badakite ez dela gauza bera balkoia, leihoa edo ataria apaintzea: horregatik, bi kategoria bereiziko dituzte.

Sariak, kategoriatan banatuta

Leihoen eta balkoien kategorian sari bakarra egongo da, 200 eurokoa; eta atarien kategorian ere sari bakarra, 200 eurokoa; gainera, parte-hartzaile guztien artean 50 euro zozketatuko dira. Herriaren itxurari egindako onura da lehiaketaren xedea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak