Herrian nerabeendako dauden aisialdirako aukerak aztertzen dihardute. Apirilaren 17an, gazteei zuzendutako bilera irekia egin zuten; oraingo honetan, formazio saioa eskainiko dute. Txatxilipurdi elkarteak gidatuko du saioa eta lau ordukoa izango da, 09:30ean hasita.
Udaletxeko osoko bilkuren aretoan elkartuko dira, eta 16 urtetik gorakoak daude formaziora gonbidatuta. Bigarren bilera horretan, aisialdiaz hausnartu eta formazioa jasoko dute gazteek. Nerabeen aisialdirako aukerak aztertzea izango da saio horien helburu nagusia.
Espazio falta
Apirileko bilera irekian, 17 lagun elkartu ziren; modu dinamikoan gidatu zuten bilera eta horrek aukera eskaini zien gazteen beharren berri izateko. "Euren kezka nagusia herrian ze leku okupatu da", azaldu zuen bileraren ondoren Oihana Ameskua zinegotziak. Izan ere, espazio faltarena ez da berria Aramaion; baina azken urte honetan bizi dugun pandemia egoerak handitu egin du arazoa. Orain egiten dabiltzan dinamiken bitartez belaunaldi ezberdinak elkarrekin aritzeko proposamenak garatu nahi dituzte, besteak beste.