Ander Fernandez Pacheco: "Aldagelan izugarrizko giro ona dugu jokalariok; hori izan da igoeraren gakoa"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko mai. 13a, 18:00

Denboraldi hasieran jarritako helburua bete du Gernika futbol taldeak: Bigarren B Mailara igotzea. Ander Fernandez Pacheco aramaioarra da taldeko aurrelarietako bat.

Urte gogorra izan dela aitortu du Ander Fernandez aramaioarrak: batetik, pandemiaren gorabeherak izan dituzte; baina gogorragoa izan da taldekide bat galtzea.

Zorionak! Zuen entrenatzaile Oscar Valesek dioen moduan, play-off ia perfektua egin duzue?

Bai; egia da aurten hasieratik ibili garela sailkapenean aurrean. Pandemiak hala baldintzatuta, bi taldetan banatuta jokatu dugu liga. Gure helburua mailaz igotzea izan da beti, baina bagenekien beste talde indartsu batzuk ere bazeudela: Sestao, Somorrostro... Liga osoan zehar lehenengo ibili gara; play-off-a jokatzeko hiru talde sailkatu ginen, eta hemen ere ez dugu partidurik galdu. Vitoriaren aurkako norgehiagoka geratzen zaigu jokatzeko. Egia esatearren, uste genuena baino hobeto ibili gara.

Non egon da taldea hain ondo ibiltzearen gakoa?

Iazko denboraldian izan genuen entrenatzaile bera dugu aurten ere, eta taldearen erdia ere berdina da. Aldageletan izugarrizko giro ona dugu jokalariok; berriendako samurra izaten da aldagelara egokitzea. Uste dut hori dela gakoa, eta, nola ez, jokalari onak ere baditu Gernika futbol taldeak.

Bi urte eman dituzue Hirugarren Mailan. Alde handia dago Bigarren B Mailarekin?

Gernikara etorri aurretik, hiru urte eman nituen Amorebietan, Bigarren B Mailan jokatzen. Batez ere, intentsitatean igartzen da. Zailagoa izango da jokatzea, eta fisikoki ondo egoteak garrantzi handia izango du.

Bigarren denboraldia duzu Gernikan. Egin duzu zure lekua taldean?

Bai. Beasainen jokatu nuen, eta handik Amorebietara joan nintzen, Bigarren B Mailara. Jokatzen hasi nintzen, baina abenduan Sestaora bidali ninduten, utzita. Berriz Amorebietara itzuli nintzen, eta, egia esatearren, ez nuen jokatzen. Hala, Gernikako orduko entrenatzailea ezagutzen nuenez, hara joateko esan zidan, eta dagoeneko bi denboraldi daramatzat. Jokalari batek nahi duena da gustura egotea eta jokatzea; nire kasuan, biak betetzen dira.

Aurrelaria zara; zenbat gol sartu dituzu aurten?

Hamar gol sartu ditut: iaz, lau gol egin nituen, taldera egitea kosta zitzaidan.

Pandemiak baldintzatutako urtea izan da arlo guztietan. Nola eragin dizue zuei?

Ikuslerik gabe jokatzea arraroa izan da. Kanpoan jokatu edo etxean jokatu ia antzerakoa izan da. Sestaon, esaterako, 3.000 ikusle izaten dituzte... Pentsa, harmailak hutsik ikustea. Politagoa da ikusleekin jokatzea, nahiz eta batzuetan gustuko ez direnak entzun behar izaten diren. Horrez gain, protokolo zehatzak bete behar izan ditugu denboraldian: astero egiten dizkigute PCR probak, gela erabili beharra... Astuna izan da.

Hori baino gogorragoa izango zen Aitor Gandiaga taldekidea galtzea.

Urte hasieran auto istripuz hil zen Aitor. Egia esan, lehenengo hiru asteak gogorrak izan ziren, bera falta sumatzea... Markinarra zen, eta Durangon elkartzen ginen autoz elkarrekin joateko. Denboraldi hasieratik igoera izan dugu buruan, baina Aitor hil ondoren bai ala bai egin beharreko zerbait bihurtu zen, derrigor lortu beharrekoa. Gustura geratu gara igoerarekin, berari eskaini diogu.

Denboraldi amaitu ondoren zer egingo duzu?

Konfiantza dut deituko nautela kontratua berritzeko. Beste talderen batek ere interesa erakutsi dezake... Ez dakit. Berritzeko aukera badaukat, berritu egingo dut; izan ere, gustura nago Gernikan, eta jokatu ere egiten dut. Irakasle ikasketak egiten nabil, Gasteizen; inguruko elkarteren batean jokatzea garrantzitsua izango da niretako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak