Aramaioko Udalak Besaideko lursailaren lagapena onartu du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko mai. 3a, 15:02

Besaiden dauden lursail batzuk erosi zituen Euskal Mendizale Federazioak; bada, Federazioak Aramaioko Udalari emango dizkio sail horiek, dohaintzan. Bien ardura izango da Besaideko monumentua babestu eta lursailaren mantentze lanak egitea.

Besaide ingurua babestu eta balorea emateko konpromisoa hartu du Aramaioko Udalak egueneko osoko bilkuran onartutako lagapenarekin. Hain zuzen, Euskal Mendizale Federazioak dohaintzan utziko dizkio Aramaioko Udalari Besaide inguruan erosi zituen lur batzuk. "1990ean Federazioak Yoshin Ogata arkitektoaren eskultura jarri zuen Besaiden, eta hango lur sail batzuk erosi zizkion orduko Oñatiko kondeari", azaldu du Santi Balantzategi zinegotziak.

6,2 hektareako saila

Federazioak erabaki zuen, lur sail horiek Federazio moduan geratzea baino hobe zela entitate publiko bati ematea. "62.000 metro karratu dira, Federazioak erosi eta Aramaioko Udalari dohaintzan emango dizkionak", dio Balantzategik. Besaide mendizale elkarteak, Euskal Mendizale Federazioarekin batera, lursail horiek eskrituratzeko prozesua martxan jarri zuen duela urtebete; eta, orain, Udalbatzak aho batez onartu du lursail hori onartzea eta alkateari ematea baimena notarioaren aurrean sinatzeko.

Balorea eman inguruari

"Udalak eta Mendi Federazioak elkarrekin izango dugu lur horiek txukun mantentzeko eta babesteko ardura", adierazi du Balantzategik; izan ere, inguruan motordun ibilgailuak ibiltzen dira eta lurra hondatuta dago. Balantzategik gaineratu du balorea eman nahi zaiola inguruari eta mendizaleen oroimenez ipinita dagoen eskulturari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak