Euskal Herriko Abesbatzen Federazioak deituta elkarretaratzeak egingo dituzten EAEko hiriburuetan domekan. Kantatzea segurua dela aldarrikatu nahi dute, "abestea nahi eta behar" dutela. Hala, Aramaioko Papargorri abesbatza Arabako Haur Federazioko parte denez, elkarretaratzera batuko dira aramaioarrak ere. "Gasteizera ezin garenez joan, hemen, parkean egingo dugu elkarretaratzea", azaldu du Larraitz Arriolabengoak, Papargorri abesbatzako zuzendariak.
12:00etan elkartuko dira, parkean, eta 10 minutuko elkarretaratzea egingo dute, segurtasun neurriak errespetatuta.
Kantatzeko baimena
Arriolabengoak azaldu du 2020ko azaroaz geroztik ezin elkartuta daudela, eta zenbait abesbatzak betirako itxi dituztela ateak. Beste kultur edo kirol jarduera batzuetan federatuek baimenak dituzte, eta federatutako abesbatzei ere baimenak ematea eskatzen dute. "Segurtasun neurriak betetzen badira kantatzea segurua" dela gaineratu dute.