Aramaioko Correoseko bulegoa itxi egingo dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko mai. 3a, 08:00

Aramaioko Correoseko bulegoa dagoen gunea.

Maiatzaren 1etik aurrera ez da Correoseko bulegorik egongo Aramaion. Zerbitzua eskaintzen jarraituko du Correosek; hau da, korrespondentzia banatuko da herrian baina bulegoa itxita egongo da.

Aramaioko Correoseko bulegoa behin betiko itxiko dute maiatzaren 1ean. Korrespondentzia banatzen jarraituko dute Aramaion, baina bulego zerbitzua bertan behera geratuko da.

Maiatzaren 1etik aurrera bulego zerbitzua Arrasaten eskainiko da. Horrez gain, paketeak edo bestelakoak jasotzera ere Arrasateko bulegora joan beharko da –abisua jaso ondoren–.

Arrasateko bulegoko ordutegia

Nabarmendu behar da, Aramaion lanean egongo den langileak herritarren paketeak jaso ahal izango dituela, eta berak eraman Arrasateko bulegora tramiteak egiteko. Hala ere, adierazi dute edozein zalantzaren aurrean onena Arrasateko bulegora deitzea izango dela.

Telefonoak: Arrasateko bulegokoa, 943 79 11 74; eta, banaketa kontuetarako, 943 79 75 70.

Arrasateko bulegoko ordutegia: astelehenetik ostiralera:  8:30etik 14:30era; eta, 16:30etik  20:00etara.

Aramaioko Udalaren irakurketa

Hau da Udalak bidalitako mezua, osorik: "Correos enpresa publiko bat izanik, aukera izan duen momentuan, gure udalerriari dagokion zerbitzua murriztea, egun batetik bestera lotsagarria iruditzen zaigu. Bertako postuak daukan prekarietatea aztertu eta lan baldintzak hobetu beharrean negozioaren izenean murrizketa hau egin du. Gainera apirilaren 23an jakinarazi dio Udalari maiatzak 1ean gauzatuko den murrizketa. Zonaldeko arduradunaren eta orain arteko postariaren konpromisoa eta laguntza publikoki eskertzen dugu. Hala ere, Correosekin bilera ofizial bat eskatu nahi dugu  murrizketa honek ekarriko diguna ondo aztertu eta ahal den eragin gutxien izan dezan gure udalerrian. Zentzu berean, horrelako gauzak ez dira berriak zoritxarrez gurea bezalako herri txiki batean, non negozioa edo errentagarritasunaren izenean hainbat murrizketa jasaten ditugun eragile pribatu zein publikoetatik. Herri txikiok zerbitzu ezberdinak jasotzen jarraitzeko eskubidea dugu, herri txikiok asko ematen diogu inguruko herri eta hiri handiei. Baina errentagarritasun ekonomikoaren izenean gure biziraupena eta bizi kalitatea etengabe arriskuan jartzen dute. Dagokien arduradunei, eskatzen diegu gauzak era integral batean aztertu eta antolatzeko eta ez soilik era ekonomiko kapitalista batean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak