Umorea ezinbesteko du gizakiak. Are gehiago, gaur egun dagoen pandemia garaian. Zenbaiten ustetan, egoera arintzeko balio du umoreak. Hala, hori bera pentsatuta, Umore asteburua egitea erabaki dute Aramaion.
Lau kultur ekitaldi antolatu dituzte aste bukaerara begira, eta, hain zuzen, laurek izango dute umore ukitua. "Gauzak dauden moduan egonda, Umore asteburua egitea pentsatu dugu. Jendeak barre egiteko modua ere izan dezan, eta egungo egoeran ahotan une oro ditugun betiko gaiez gain bestelako gaiez ere hitz egiteko", azaldu du Kultura teknikari Itsaso Aspiazuk.
Haurrei zuzendutako antzerkia
Gaur, barikua, umeendako antzerkia eskainiko dute, kultura etxean, 17:30ean. Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoek Hondartzan perretxikotan antzezlana eskainiko dute. Hiru pailazoek hondartzara egingo duten bidaian zehar, etxeko txikienek Euskal Herriko arrantza, abeltzaintza eta nekazaritza ezagutzeko aukera izango dute. 50 minutu iraungo du antzezlanak. Sarrerak 2 euroren truke jarri dituzte salgai. Eguaztenerako, sarreren erdiak salduta zituzten; sarrerarik egongo balitz, gaur bertan ere salduko lirateke.
Antton Telleriaren bakarrizketa
Bihar, zapatua, Antton Telleriak Nekatutak bakarrizketa eskainiko du, kultura etxean, 19:00etan. Sarrerak 5 euroren truke jarri dituzte salgai. Barre eginarazteko helburu bakarrarekin, delikatuak izan daitezkeen hainbat gai plazaratuko ditu Telleriak, eta zenbait kolektibo aipatuko ditu: psikologoak, ETA, Ertzaintza eta irakasleak, bestek beste.
Bi filmen eskaintza
Domekan, bi film eskainiko dituzte: bat haurrei zuzendutakoa eta bestea nagusiei zuzendutakoa. Bi filmak umorezkoak izango dira. Umeen saioa 17:00etan izango da, eta Asto erregea filma eskainiko dute. Nagusiei zuzendutakoa, aldiz, 19:00etan izango da. El gran baño filmak igeriketa sinkronizatua egiten hasiko den gizon talde baten egunerokoa azaltzen du. Gilles Lellouche zuzendariaren lana da, 2018an Frantzian ekoitzia.
Dirua Irati Garaitonandiari bideratuko zaio
Dirua erabiliko dute Garaitonandiak behar duen aulki berezia erosteko, gaur egun duena dagoeneko txiki geratu zaiolako
Gaurko antzerkiko sarreretatik eta biharko bakarrizketako sarreretatik jasotako dirua Irati Garaitonandia Martelori bideratuko zaio. Dirua erabiliko dute Garaitonandiak behar duen aulki berezia erosteko, gaur egun duena dagoeneko txiki geratu zaiolako. Gaztetxoaren amak azaldu du neoprenozko traje bat ere erosi behar dutela, bizkarra zuzendu eta oreka hobeto mantendu dezan: "Trajea egunero jantzi behar du, lotarako bakarrik kenduko du". Nabarmendu behar da Irati Garaitonandiak Marrazkiak izeneko erakusketa bat duela zabalik Aretxabaletan; apirilaren 30era arte egongo da zabalik, Arkupe kultura etxean. Gainera, gaztetxoaren lagunak hainbat ekintza antolatzeko asmotan dabiltza, behar duen aulkia eros dezan.