Diaspora eta hainbat euskal herri euskararen inguruan batzeko helburuarekin abiatu zuten Argentinan, martxoaren 20an, Kutxa bira. Ekimena Iparra-Hegoa elkarteak antolatu du, eta martitzenean, apirilaren 27an, Aramaiora iritsiko da. "Euskararekiko jarrera emozionala berreskuratu nahi da, aurten ez delako ekitaldirik egin, Korrika, esaterako", azaldu du Aramaioko lan taldean diharduen Iker Elexpuruk.
Jendearen sentimenduak batu nahi dituzte
Ekimenaren oinarria egurrezko kutxa bat da. Kutxa horren barruan mezu bat egongo da eta aramaioarrek euren mezua sortzeko aukera izango dute. Horretarako, aramaioarren ametsak eta aldarrikapenak batu nahi dituzte: mezua bidali nahi duenak apirilaren 25erako egin beharko du, aramaixokutxabira@gmail.com helbidera mezua idatzita. Argazki edo bideo bidez ere egin daiteke, horizontalean grabatuta.
Martitzenean, erretreta
Martitzenean, 11:00etan, San Martin eskolan egingo zaio harrera kutxari. "Prudentzio deunaren bezpera dela kontuan hartuta erretreta joko dute, eta Amets Arzallusek egindako manifestua irakurri", azaldu du Elexpuruk. Horrez gain, eskolako mezua sartuko dute. 18:30ean, aldiz, ekitaldia egingo dute parkean. Manifestua irakurriko dute eta Aramaioko mezua irakurri eta kutxan sartuko dute. Musika, dantza, bertsoak... egongo dira.
Ekitaldi guztia grabatu egingo dute.