Ipuin eta mikroipuin lehiaketa abian da, Txirritolaren eskutik

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko mar. 5a, 09:44

2019ko sari banaketa ekitaldia.

Txirritola euskara elkarteak martxan jarri du, beste behin, literatura lehiaketa. Martxoan zehar lanak sortzeko eta entregatzeko aukera egongo da: horretarako azken eguna martxoaren 24a izango da.

Dagoeneko egin dute eskolan komunikazioa lana; izan ere, eskolako gaztetxoei zuzendutako bi sail ditu lehiaketa: batetik, LHko lehenengo eta bigarren mailetako gaztetxoei zuzendutako taldeko ipuinen saila dago; eta, bestetik, LHko hirugarren eta seigarren maila artekoendako banakako ipuinen saila.

"Eskolan bertan lantzen dute gaia eta eskolatik bideratzen dituzte lanak", azaldu du Txirritola euskara elkarteko kide Oihana Amezkuak.

Berritasuna, mikroipuinak

Txirritola euskara elkarteak badu esperientzia literatura lehiaketa antolatzen. Hori horrela, aurten berritasunekin etortzea erabaki dute: mikroipuinen saila izango da aurtengo berrikuntza. Nerabeei eta helduei zuzenduta egongo da sail berria: hain zuzen, 12 eta 18 urte bitartekoen kategoria eta helduen kategoria bereizi dituzte.

Sintesi gaitasuna, erakargarri

"Aurten, lehenengo aldiz, ipuin ireki bat planteatu baino gehiago, mikroipuinen modalitatea zabaldu dugu. Gehienezko hitz kopurua 100ekoa izango da. Erronka izango da; izan ere, sintesi gaitasuna behar da mikroipuinak idazteko. Baina uste dugu formatu hau erakargarria izan daitekeela. Izan ere, badu beste freskotasun bat", azaldu du Amezkuak. Horren harira, gaineratu du bestelako ipuinak idazteak bertigoa ematen dionarendako aukera ona izan daitekeela: "100 hitzek ez dute horrenbesteko bertigorik ematen". Parte-hartzea areagotzea da bi kategoria horiek sustatu izanaren helburua.

Sari banaketa

Lanak liburutegian entregatu beharko dira, gutun-azal batean sartuta, eta ezizenarekin sinatuta. Gutun-azal berean sartu behar dira, aparteko orri batean, ezizenari dagokion izena eta kontakturako telefono zenbakia. Sari banaketa ekitaldia Aste Santu ondoren egingo dutela aurreratu dute: "Aurreikusten dugu ezingo dela betiko moduan egin. Baliteke telematikoki egitea, nahiz eta gero sari banaketaren momentua bai egingo dugun banan-banan eta aurrez aurre. Hori Aste Santu osterako utziko dugu". Orain, lanak sortzeko garaia da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak