Pintaketen harira, Aramaioko Udalak ohar bidez azaldu du ez dituela "horrelako ekintzak onartzen"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko mar. 4a, 15:43

Gertatu denarekin ados ez daudela azaldu, eta "horrelako zentzugabekeriak" kalte besterik ez dutela eragiten azaldu dute Udal ordezkariek ohar bidez.

Aramaioko Udalak oharra argitaratu du anbulatorioko egoeraren harira. Atzo, eguena, batzartu ziren zinegotziak gertatutakoaren inguruko informazioa eskaintzeko.

Zerbitzua

Batetik, Aramaioko anbulatorioko zerbitzuaren egoera azaldu nahi izan dute, izan ere mediku titularra bajan dago: "Gure anbulatorioa Debagoieneko Ospitalearen parte da, eta bertatik eramaten dute eskualdeko kudeaketa. Beraiekin harreman zuzena dugu eta baja hau bere osotasunean betetzeko ahalegin guztiak egiten ari dira baina egoera honetan, gerta daiteke egunen batean edo bestean medikurik ez egotea. Horrelako kasu baten aurrean, ahalik eta hoberen betetzen ahaleginduko dira zerbitzua eta, behar denean, egoeraren berri komunikatuko da. Zentzu honetan, eskerrak eman nahi dizkiegu osasun langileei".

Pintaketen harira

Bestetik, atzo anbulatorioan egin zituzten pintaketen harira zera azaldu dute: "Zerbitzuarekin eta bertako langileekin zerikusia duten pintaketa horiek ez ditugu ulertzen. Ez gaude ados gertatu denarekin eta uste dugu horrelako zentzugabekeriak kalte besterik ez diotela egiten gure herriari eta zerbitzuari; kalte soziala zein materiala. Nolanahi ere, argi utzi nahi dugu ez ditugula horrelako ekintzak onartzen”.  "Aurrera begira, orain arte bezala, zerbitzua mantentzeko, gure esku dauden egin beharreko gestioak egingo ditugu eta dakigunaren berri emango dugu, momentu bakoitzean", azaldu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak