Arexola, Arriola, Barajuen, Suña, Uribarri eta Zabola arautuko dituen plan bereziari lehenengo onarpena eman diote

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko ots. 26a, 15:59

Atzo, eguena, otsaileko ohiko osoko bilkura egin zuten. Besteak beste, landa guneetako antolaketa arautzeko plan bereziari hasiera eman zitzaion. Plan horrek bost auzo hartuko ditu kontuan. Horrez gain, martxoaren 8ko adierazpenak ere onartu zituzten.

Otsaileko ohiko osoko bilkura egin zuten atzo. Esku artean izan zuten gai nagusiena auzoetako plan bereziena izan zen. Bada, atzokoan, Arexola, Arriola, Barajuen, Suña, Uribarri eta Zabola arautuko dituen plan bereziaren hasierako onarpena ematea erabaki zen. Aho batez onartu zuten.

Aramaiok, 11 landa gune

Bere garaian, udalerri bakoitzeko landa guneak, hirigintza lege eta arauen arabera, Jaurlaritza eta Foru Aldundiak zehaztu zituen, inbentario baten sartuz. Aramaion 13 landa gune zehaztu zituzten: horietatik bi Oletakoak dira eta oraingo fasean, hazkuntzagatik, urbano izatera pasako dira. Hori horrela, 11 landa gune daude egun Aramaion.

2012an Aramaio udalerriko Plan Orokorra onartu zen; hala ere, landa guneetako datuak zuzentzeko geratu ziren, eta 2017ko abenduan, behin lan horiek egin ondoren, behin betikoz onartu zuten. Fase hori amaituta, eta legeak horrela agintzen duelako, landa guneetan eraikin berriak egin ahal izateko Plan Bereziak lantzen hasi zen Udala, landa guneetako antolaketa xehakatua jasotzeko. Plan horien lehenengo idazketa, 2018. urtean esleitu zen. Orduan, bi fasetan edo multzotan egiteko erabakia hartu zen: sei landa gune lehenengo fasean eta beste bost bigarrenean.

Atzo onartu zutena lehendabizikoa da; bigarrena ere martxan dago, gainerako landa guneak kontuan hartuko dituena.

Alegaziak aurkezteko epea

Arabako Boletinean –ALHAO– argitaratu ondoren alegazio epea irekiko da. Era berean, txosten sektorialak ere eskatuko dituzte, legeak ezartzen dituen instituzioetan. Prozesu guztia igaro eta alegazioak erantzun ondoren behin-betiko onarpena emango dio udalak Plan Bereziari.

Boletinean argitaratu ondoren informazioa eta dokumentazioa ikusgai jarriko dute udal webgunean eta baita udaletxean ere. 

Martxoak 8

Martxoaren 8ko adierazpena ere onartu zuten atzoko bilkuran. Berdintasun teknikariak proposatutako adierazpena irakurri eta onartu zuten; horrez gain, EAJko zinegotziek eskatu zuten Eudel-eren deklarazioa ere onartzea: "Izan ere, aurten urte berezia izanik sektore konkretu batean, zaintzaren sektorean, jarri ditu indarrak". Hala, bi adierazpenak onartu zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak