Udal langileen soldata %0,9 igotzea onartu dute Aramaioko osoko bilkuran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urt. 28a, 22:11
Urtarrileko ohiko osoko bilkura.

Urtarrileko ohiko osoko bilkura egin dute gaur Aramaion. Besteak beste, udal langileen soldata igotzea onartu dute. Horrez gain, Zabola auzoan, gurdibide bat desafektatzeko espedientea onartu dute.

Aramaioko Udalbatzak urtarrileko ohiko osoko bilkura egin du gaur. Bost gai izan dituzte esku artean. Horien artea, udal langileen soldata igoera, udal eraikinen garbiketa egiten duen enpresarekin kontratuta luzatzea eta baita gurdibide baten desafektatazioa ere.

Udal eraikinen garbiketa

Azkeneko osoko bilkurako akta onartu dute lehenengo. Ondoren, Udal eraikinen garbitasuna egiten duen Samsic enpresarekin kontratua luzatzea onartu dute. Iazko abenduaren 12tik hurrengo abenduaren 12ra arte luzatzea erabaki dute.

Hirugarren puntua udal eraikinen garbitasunaren kontratazio espedienteari hasiera ematea izan da. Behin hasiera emanda, hurrengo plenoan oinarriak zeintzuk izango diren onartzeko aukera egongo da. Aho batez onartu dute espedienteari hasiera ematea.

Zabola auzoa

Zabola auzoko 6 poligonoko 66, 68, 548 eta 549 partzelen arteko bidearen desafektazio espedientea onartu dute EAJko bi zinegotzien abstentzioarekin eta EH Bildukoen baiezkoarekin. "Udalean jaso genuen Zabolan dagoen bide bat zabaldu edo berreskuratzeko eskaera. Katastroan begiratuta, bidea egon badagoela ikusi dugu nahiz eta azkeneko 20 urteetan ez den erabili. Auzotarrekin elkartu ginen eta bide horren beharrik ez dute ikusi. Hori horrela, 2019ko urriko osoko bilkuran onartu zen bide hori desafektatu eta saltzea", azaldu du Lierni Altuna alkateak.

Katastroan zegoen huts bat aldatu behar izan zuten, eta ondoren Diputazioaren tasazioaren zain egon dira. Azkenean, azaroaren 4an jaso zuten tasazioa. "Bidearen inguruko hiru lur jabeei jakinarazi zaie erabakia. Horrelako kasuetan, legeak esaten du aukera zentzudunena aukeratu behar dela bidea eskaintzeko", dio alkateak. Kasu honetan, partzela gehien hartzen duen jabeari eskaini dio Udalak bidea. Eskaintza jaso duenak baiezkoa eman du, nahiz eta alegazio bat aurkeztu duen; beste lur jabe bat desafektazioaren aurka agertu da; eta, hirugarrenak ez du ezer esan.

"Hirigintza batzordetik datorren proposamena da aurrera egitea prozesuarekin eta ez onartzea kontrako alegazioa arrazoizko pisurik ez duelako, eta bidea onartu duenari lur-zati hori saltzea", gehitu du alkateak. EAJko zinegotziak abstenitu egin dira: "Prozesua hasi zenean baiezko botoa eman genuen; ondoren, arartekoaren gomendioa izan da ez egitea desafektazioa. Hori horrela, kontra ezin dugu bozkatu hasiera batean alde egon ginelako; baina, ados ez gaudenez, abstenitu egingo gara".

Udal langileen soldata

Azkeneko puntua udal langileen soldata igoera izan da. Aurrekontuen legeak esaten duenaren arabera soldatak  %0,9 igotzea onartu dute aho batez. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako igoera izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak