Anbulatorioko berogailu sistema hobetzeko lanean dihardute Udal ordezkariek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urt. 21a, 15:28

Azkeneko asteetan hainbat arazo izan dituzte anbulatorioan; astelehenetan izan dira arazo horiek. Bada, Aramaioko Udal ordezkariak lanean dabiltza anbulatorioko berogailu sistema konpontzeko. Datorren eguaztenean bilera izango dute Osakidetzako arduradunekin.

Aste bukaeraren ondoren, berogailu sistema martxan jarri eta anbulatorioa berotzeko zailtasunak izan dituzte. Udalak mantentze-laneko langilea bidali zuen anbulatoriora. "Urtarrilaren 11n, ihes bat izan zuen berogailuak eta galdara ur barik geratu zen; horrek eragin zuen berogailu barik egotea anbulatorioa, eta, besteak beste, sintromaren aparatuak ez funtzionatzea", esan du Cristina Etxenausiak, Gizarte Ongizate zinegotziak.

Arazoa konpontzeko lanean 

"Jakin badakigu ze garrantzitsua den berogailuak ondo funtzionatzea eta tenperatu egokia izatea anbulatorioan. Hona pertsona nagusiak etortzen dira, biluzi beharra izaten dute... eta, gainera, hotz handiarekin sintromaren aparatuak ez du funtzionatzen", dio Etxenausiak.

Askotan gertatzen den arazoa ez izan arren, horrelakorik ezin dela onartu dio zinegotziak.

Osakidetzarekin bilera 

Aramaioko Udalak mezua bidali dio, arazoa konpontze aldera, Osakidetzari: "Ikerketa bat egingo dute berogailu gehiago jarri behar den ikusteko". Hain zuzen, datorren eguaztenean izango dira Osakidetzako mantentze-lanen burua eta diruzaina Aramaioko anbulatorioan. Nabarmendu behar da lokala Udalarena dela, eta Udalak hitzarmen bat duela Osakidetzarekin, Eudelen bitartez: diru kopuru bat jasotzen du Udalak mantentzeaz ardura dadin. Hitzarmen hori berrikusi beharra nabarmendu du Etxenausiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak