Aste bukaeran egin dezakeen elurtearen aurrean hainbat gomendio eman ditu Aramaioko Udalak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urt. 8a, 20:54

Aste bukaerarako aurreikusita dagoen elurtearen aurrean, Udalak hainbat gomendio eman die herritarrei. Batetik, autoak ondo aparkatzea; bestetik, elurra kentzen dabiltzanei laguntzea eta pazientzia izatea; eta, azkenik, gatza Udalak kudeatuko duela nabarmendu dute.

Aste bukaeran iragarrita dagoen elurtearen aurrean, Udalak oharra kaleratu du. Batetik, nola lan egingo duten argitu dute; eta, bestetik, kontuan hartzeko hainbat gomendio helarazi die herritarrei.

Foru Aldundiaren bideak

Foru Aldundiak Gorbeialdeko Kuadrillarekin elkarlanean hiru partikular lotuta ditu Aramaion dauden Foru Aldundiko bideak garbitzeko. Oletan egongo da bat, bestea Barajuen, Azkoaga eta Untzilla inguruan eta hirugarrena Uribarri, Arexola, Etxaguen, Gantzaga gunean. "Hauek herriaren onerako ari dira, beraz, ahal dela erraztu eta lagundu beraien lanean", azaldu dute Udal arduradunek.

Udalaren lana

Udalaren ardura izango da auzo barruak, Eguzkierripa, Ibarra eta gainontzeko udal bideak garbitzea. Orain arte, Foru Aldundiak kontratatuta dituen partikularren laguntzarekin eta udaletxeko pickup txikiarekin egin izan dira garbiketa lanak; baina, aste honetan apurtu egin da pickup-a. Hori horrela, aste bukaeran etor daitekeen elurrari aurre egiteko beste aukera batzuk aztertu ditu Udalak, eta gainera hirugarren pertsona bat lotu du lan horietan laguntzeko. "Hala ere, gerta liteke traktore handiak sartzen ez diren auzoren bateko bide estuak ezin garbitu izatea. Beraz, kontuan izan eta mugitu beharra baldin badago, autoa bide nagusietara hurbildu", nabarmendu dute.

Larrialdi kasuetan

Elurra izanda, edozein larrialdi sortuko balitz, anbulantzia beharra edo beste zerbait, auzo-alkatearekin harremanetan jartzeko gomendatu dute; izan ere, auzo-alkatea jarriko da Udal arduradunekin harremanetan. Eta, larrialdia Ibarran gertatuko balitz, jarri harremanetan Ibarran bizi den zinegotziren batekin.

Ohar garrantzitsuak

Gauzak errazte aldera, ondorengo gomendioak eman dituzte Udal arduradunek:

  • Autoak ondo aparkatu, elurra kentzeko makinari lekua uzteko. Bereziki: Ibargoia, Nardeaga eta edozein bide ertzetan.
  • Elurra kentzen dabiltzan pertsonak lagundu, eta beraien laguntza behar izatekoan, pazientzia eta sosegua eskatu dute. Izan ere, bide nagusietatik txikienetara eta lehentasunen arabera egingo dituzte garbiketa lanak.
  • Gatz gutxi dagoela kontuan hartuta, Udalak gestionatuko du nola eta non banatu gatza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak