Umorezko mezuak sortzeko lehiaketa antolatu du Aramaioko Udalak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko abe. 18a, 09:41

Argazkia: donostiaeuskaraz.eus

Aramaioko Udalak antolatu duen meme lehiaketara abenduaren 29a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak. Adinaren arabera hiru taldetan banatuko dute lehiaketa.

Aramaioko Udalak meme lehiaketa antolatu du. 2020a umorez amaitzeko modu egokia izango da. 12 urtetik gorakoei zuzendutako lehiaketa izango da. Parte hartzeko aramaioarra izan beharko da, ezinbestean.

Hiru kategoriatan banatuko dute lehiaketa: A multzoan, 12 eta 15 urte bitartekoak egongo dira; B multzoan, 16 urtetik 18 urtera bitartekoak; eta C multzoan, 19 urtetik gorakoak.

Gaia librea izango da

Interneteko kulturan, memea umorezko mezu sinplea da, zabalkuntza handi eta azkarrekoa, eta oinarrian, gehienetan, irudi bat izaten du. Lehiaketara aurkezteko erabiliko den irudia norberarena edo beste nonbaiten eskuratua izan daiteke. Memea sortzeko gaia librea izango da, eta irudi bakarra edo sekuentzia bakarra osatzen duen irudi bat baino gehiago izan dezake.

Ez dituzte onartuko pertsonaren askatasunaren eta duintasunaren aurkako mezuak.

Sariak: 50 euro kategoriako

Sortutako memeak bidaltzeko epea abenduaren 29an amaituko da. Posta elektronikoz bidali beharko dira, itxasokultura@gorbeialdea.eus helbidera. Mezu horretan, sortuta lanaz gain, parte hartzailearen izen-abizenak, jaiotza-data eta kontakturako telefono zenbaki bat ere jarri beharko dira.

Kategoria bakoitzeko sari bakarra egongo da: 50 euro banatuko dituzte kategoriako. Lehiaketa antolatzeko laguntza Vital Fundaziotik jaso du Aramaioko Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak