'Aramaixoarrak' argazki proiekzioa eskainiko du bihar Alex Mendikute argazkilariak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko abe. 18a, 09:33

"Lapurtutako" argazkiak izango dira biharko proiekzioan erakutsiko dituen gehienak; herritarrei Aramaion bertan egindakoak. Urteroko hitzordu bilakatu da Mendikuteren argazki proiekzioa. Herritarrek ondo baino hobeto ezagutzen dute Mendikutek zuri-beltzeko argazkiekiko duen maitasuna. 18:00etan izango da saioa, kultura etxean.

Zer eskainiko duzu biharko proiekzioan?

Nik egindako argazkiak erakutsiko ditut. Argazkien bilduma bat osatzen dut eta musikarekin lagunduta proiekzioa osatzen dut. Garai batean, proiekzioa tabernetan ere egiten nuen, baina orain ezin da horrelakorik egin.

Herrian egindako argazkiak izango dira, eta herritarrei egindakoak?

Bai, aramaioarrak izango dira argazkietako protagonistak. 2019an egindako argazkiak izango dira. Proiekzioak 24 bat minutu iraungo du.

"Lapurtutako" argazkiak direla diozu. Non egindakoak dira?

Dagoeneko herritarrek ezagutzen naute eta badakite zer argazki mota egiten dudan. Proiekzioko argazki asko dira lapurtutakoak; hau da, ekitaldietan edo bestelako ekintzaren batean herritarrei ateratako argazkiak. Horrez gain, badaude herrian zehar, auzoetan egindako argazkiak: izan daitezke auzo lanean dabiltzanei egindakoak, paseoan dabiltzanei egindakoak...

Musikak lagundutako proiekzioa izango da?

Bai, hala da. Musikak lagunduko die argazkiei.

2010ean hasi zenuen lehenengo saioa eta ordutik ez duzu hutsik egin.

Urtero egiten dut, eta, esan bezala, 2010ean hasi nintzen. Aurtengo urtea berezia izan da, baina, hala ere, ibili naiz argazkiak egiten eta espero dut datorren urtean ere proiekzioa egitea.

Hala ere, konfinamendu garaian egin zenuen muntaia txiki bat.

Bai, konfinatuta egon ginenean egin nituen argazki batzuk eta horiekin muntaia berezi bat egin nuen. Ikus daitezke herriko kaleak hutsik, jendea balkoietan, jendea dendara erosketa egitera doala... Egindako muntaia Udalaren webgunean jarri genuen eta esan behar da arrakasta handia izan zuela.

2021ean ere egongo da, hortaz, beste proiekzio bat?

Bai; ahaleginduko gara zerbait egiten. Egia da aurtengo urtean ez dela ekitaldirik, jairik edo bestelako ekintzarik egon, baina, hala ere, esan bezala, ibili naiz argazkiak egiten, eta horiek guztiak batu eta zerbait egingo dugula uste dut.

Zure argazkiak zuri-beltzean egindakoak izaten dira. Zergatik duzu gustuko ezaugarri hori?

Niretako zuzenagoak izaten dira zuri-beltzeko argazkiak. Garrantzia ematen zaio momentuari, argia non dagoen... Begirada eramaten duzu esan nahi duzun horretara, eta ez horrenbeste koloreek esan nahi dutenera. Ez diezu arretarik jartzen jantzien koloreei, margoei... Garrantzia ematen diozu esan nahi duzun horri.

Argazkilari moduan hori da zure ezaugarria?

Bai, esango nuke baietz, eta hemen, Aramaion, badakite nire ezaugarria zein den.

Ze adinetako jendea joaten da proiekzioa ikustera?

Denetarik etortzen dira; izan ere, argazkietan adin guztietako jendea agertzen da.

Aurten, kultura etxean izango da saioa, eta edukiera mugatuarekin.

Bai, segurtasun neurriak bete beharko dira. Esan didate kultura etxean 80 lagunendako tokia dagoela; baina, egia esan, proiekzioetara ez da horrenbeste jende etortzen. Espero dut jendea etortzea eta argazkiak gustuko izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak