Gaur goiz eta arratsaldez entseatuko du eta bihar goizean entsegu orokorra izango du Idoia Asurmendik. Izan ere, bihar, 19:00etan, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta punta-puntako zenbait abeslarirekin batera Gora bihotzak emanaldian parte hartuko du aramaioarrak.
Bilboko Euskalduna jauregian eskaini behar duten emanaldirako sarrera guztiak dagoeneko agortu dira –400 sarrera–, baina streaming bidez ikusteko aukera egongo da, Fsnext.org atarian. Horrez gain, ETBk grabatu egingo du emanaldia Gabonetako egitarauan eskaintzeko.
Azken orduko urduritasunak
Asurmendik aitortu du urduritasun puntu bat baduela: "Ez horrenbeste ikusle kopuruagatik, gehiago da erreferente ditudan abeslarien ondoan egoteagatik; Izaro eta Eñaut, esaterako".
Iberdrola dorreko emanaldia
Bestalde, gogoratu behar da Asurmendik Bilboko Iberdrola dorrean grabatutako kontzertua ikusgai dagoela, 3 euroren truke. Batutako dirua Aramaioko musika eskolarendako eta Papargorri abesbatzarendako izango da. Dagoeneko 150 ikustaldi izan ditu saioak.